Itzalpe 2018-05-16
Featured Video Play Icon

Informazio bonbardaketa masiboak jasaten ditugun egunotan, zaila da irakurtzen/entzuten/ikusten dugunaz fidatzea. Milaka iturri ezberdinetatik edatera behartuak gaude, Facebooken bidez, Whatsappetik edota kaleko propagandaren bidez iristen zaigun mezu zaparradak begiak estaltzen dizkigu.

Saturazio guzti horretan, modu zintzo eta argian sortutako mezuak, interes ez hain zintzoak dituztenekin nahastuak ageri dira eta nahasmen informatibo guzti horretan maila berean ageri zaizkigu Facebookek promozionaturiko iritzi pozoitsuak eta herriko hedabide batek eginiko azterketa sakon eta baliotsuak. Honela, ardi-larruz janzten da otsoa eta artaldearen barruan etxeraino sartzen zaigu.

Egoera horrek, zapalkuntza ezberdinak pairatzen dituzten sektoreen artean nahasmen izugarria sortzen du, begi aurrean dagoen etsaia bera identifikatzea ere galaraziz. Malcom X-ek bere garaian ondo zioen moduan, “ez zaitez fidatu komunikabideekin, zapaldua gorrotatu eta zapaltzailea maitatzea lortzen dute”.

Egoera horretan aurkitzen gara Tolosaldean zapalkuntza egoeren aurka eta errealitate ezberdin bat sortzearen alde lanean gabiltzan kolektibo eta talde ezberdinak. Ondo dakigu, eta esperientziak hala erakutsi digu, gure lanketak ondo komunikatzeak garrantzi handia duela. Horrela, bakoitzak dauzkagun baliabideak erabiltzen ditugu gure mezuak ahalik eta modu egokienean igortzeko.

Hala ere, askotan motz gelditzen gara eta egunerokotasunean ikus daitekeen bezala, sarri ez dakigu beste taldeen jardunaren berri, eta ez dugu lortzen berez mugimendu askatzaileok daukagun potentzialitate guztia askatzea.

Tolosaldean duela denbora dexentetik genbiltzan soluzio bat bilatu nahian, egoera horrekin kezkatuta gauden talde bat. Gauza bat genuen argi: Dena diruz soilik lortzera bideratutako gizarte honetan, desjabetuok daukagun arma bakarra antolakuntza dela; dauzkagun beharrak kolektiboki eta modu antolatuan asetzea.

Hari horri tiraka, “itzalpe” proiektu komunikatiboa jarri dugu martxan. Errealitate ezberdinak sortzeko borrokan dabiltzan kolektibo ororen bozgorailu izateaz gain, zapalduen arteko antolakuntza eta saretzea bilatuko duen proiektua da. Informazioa hain zuzen ere desinformazio eta desorientazio bihurtu duten egoera tamalgarri honetan, informazioa modu askatzailean ulertzen duen proiektua da “itzalpe”, informazio kontrastatu eta umila, behetik gora sortua, forma eta itxurakerien gainetik edukiari garrantzia emango diona, finean, kontrainformazioa. Gizarteko kontraesanak azalera ateraz, etorkizuneko bidea marrazten lagundu nahi du “itzalpe” proiektu komunikatiboak.

Gure euskarri nagusia hainbat atal izango dituen itzalpe.eus webgunea izango da. Batetik gaurkotasuneko albiste, erreportai, gertakizun edo deialdien atala egongo da. Bestetik, Tolosaldean antolatuko diren ekimen ezberdinen agenda. Bestalde, iritziarena ere azpimarratzeko atala da, norbanako eta kolektibo ezberdinek beraien iritzi, analisi edota irakurketa politikoak egiteko oso egokia. Azkenik, multimediaren atalean, eskualdeko ekimen ezberdinen argazki eta bideoak izango dira.

Aipatu nahiko genuke, oraingoz webgune batetik abiatzen garela, baina proiektu komunikatibo bezala garatzen joatea dela nahiko genukeena. Etorkizunean, nork daki, aldizkari baten sorrera etor daiteke, edota boteredunen “txantxulloak” agerian uzteko ikerketa-lantalde bat, edo Tolosaldeako borroka ezberdinen inguruko dokumental bat…

Besterik gabe, gaztetxeko gazte, pentsionista, etxekoandre, kale-garbitzaile, asanblada, talde feminista, etorkin, langabetu, musikazale, okupa, auzo elkarte, autobus gidari… eta zu, testu honetako irakurketarekin identifikatua sentitu zaren hori, gonbidatuta zaudete gurekin parte hartzera eta gure parte izatera. IZANGO DUZUE GURE BERRI!

Itzalpe, desjabetuon bozgorailua.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*