Itzalpe 2018-05-30
Featured Video Play Icon

Tolosaldeako gazte mugimenduko hainbat eragile “Gazte Topaketak” prestatzen ari dira. Oraingoz datak bakarrik argitaratu dituzte, baino laister emango dute informazio gehiago. Itzalpe-tik jarraipen berezia egingo dugu, bertako ekintzak, eztabaidatutako gaiak eta ondorioak zabalduz. Hau da antolatzaileek bidali diguten testua:

ADI ADI ADI !!! Badatoz tolosaldeako gazte topaketak.

Pasa dira zenbait aste tolosaldeako asanblada eta eragile desberdinak topaketa hauek aurrera ateratzeko elkartzen hasi ginenetik. Izan ere, gure eskualdeko errealitateari erreparatzea eta mahai gainean jarri beharreko zenbait gabezien aurrean topatzea izan da topaketa hauek sortzearen arrazoia.

Batetik, gazte mugimenduko eragileen arteko harreman eta komunikazio egoerarekin egiten dugu topo. Ez gara ia ezagutzen elkar eta bakoitza bere kuadrilla, eragile, gaztetxe edo herrian sartuta gaude ingurukoekin ia inolako harremanik eduki gabe. Gainera, harreman pertsonalez aratago, antolatzen diren dinamiken eta ekimenen informazioak ez du ondo zirkulatzen gure artean, eta askotan sare sozialetatik txiripaz ikusten ditugu beste eragileek antolatu dituzten ekimenak. Egoera honek, ekimenak gainjartzera, kontzertuak egun berdinetan jartzera eta bestelako arazoetara eramaten gaituzte.

Bestetik, eragile (edo norbanako) bakoitzak bere jarduna, bere errealitatea eta bere borrokak eramaten baditu ere, gazte eta antolakundeok komunean ditugun ezaugarriak bilatu behar ditugu, ezaugarri hauetan sakonduz gure jardun politikoak duen potentzialitate guztia askatu dezan. Horretarako, borroka gutziak ez dira modu sektorial edo isolatuan ulertu behar, osotasun baten baitan baizik eta bide horretan denok gara ezinbesteko.

Honenbestez, egunerokotasuna eta errealitatea aldatu nahi dugunontzat, ezinbestekoa zaigu egunerokotasunaz eta errealitateaz hausnartu, eztabaidatu eta elkarlanaz jardutea. Eta hori dute xede topaketa hauek, identifikaturiko bi puntu horien baitan jardutea eta eskualde honetako gazte mugimenduaren indarguneak bilatzea.

Horregatik, joan zaitezte prestatzen topaketak gerturatzen doaz eta! Laister izango duzue informazio gehiago!

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*