lubaki 2018-10-14

Inguratzen gaituzten harreman sozialak langileontzat mugak besterik ez dira, pertsona askeak izango bagina kokatzen gaituzte munduan, gure borondatea izango balitz gure bizitzen norabidea determinatzen duen elementua. Aldiz, gure beharrak asetzeko baliabideak behar ditugu (dirua) eta hauek lortzeko gure jabetzan aurkitzen den merkantzia bakarra saltzera gaude kondenatuak (lan indarra). Honen truke, diru apur bat ematen digute (soldata), ekoizten dugunaren balioaren zati handi bat ez zaigu ordaintzen eta burgesiak poltsikora eramaten du soberako diru kopurua (gainbalioa). Normalean prozesu honetan (lan abstraktua) fisikoki eta mentalki esplotatu egiten gaituzte eta dugun energia guztia xurgatu, nagusi edo kapitalistaren mesedetara gara erabiliak eta beraien interesak asebetetzeko soilik jarduten dugu, ez dugu gure beharren arabera ekoizten, kapitala metatzen jarraitzea du helburu bakar ekoizpen prozesuak. Kontraesan hau (lana-kapitala) kategoria nagusi baten baitan artikulatzen da (soldatapeko lana), eta hau da, merkantzien ekoizpen eta hauen elkartrukean oinarritzen den sistema kapitalistaren motore nagusia, honen bapore makina. Bertan gauzatzen da kapitalista eta langilearen arteko harreman sozial zuzena, kontratua bitarteko izanik, biak juridikoki berdintasun egoeran azaltzen dira eta “gizaki askeak” bere borondateaz hautatzen du kapitalistarena den ekoizpen prozesuan parte hartzea eta honela, kapital metaketa zikloak ireki eta gainbalioa ekoiztu lezakeen sustantzia bakarra eskaintzen dio desjabetuak zapaltzaileari.

 

Soldatapeko lana bukatu edo ikastetxetik ateratzean, lortutako dirua bizitzeko behar ditugun oinarrizko beharrak asetzeko erabiltzen dugu (merkantzien kontsumoa) eta prozesu honetan bizirauteko beharrezko diren lanak egiten ditugu (lan erreproduktiboa), sukaldatu, erosketak, arropa garbitu… “egin beharrak” bezala erakutsi izan digutena alegia. Hauek behin amaituta ordea, gure bizitzaz jabe garela dirudi eta “denbora librea” edo danadalakoa daukagu nahiz eta pastelaren zati txiki bat izan horretarako. Momentu horietan, aisialdian, gure burua errealizatzeko denbora tartean, gaur egungo harreman sozialekin egiten dugu topo berriro ere, eta lehen esan bezala, hauek guretzat, langileontzat, mugak besterik ez dira. Arlo honetan ere, besteetan bezala, trukean oinarritzen den harremanetan murgiltzen gara eta aisialdiaz gozatzeko, dugun diru apurra xahutu beharra daukagu. Gainera, esparru hauetan ikusle papera hartzera ohituta gaude, eta askotan, idoloak sortu eta gure burua infrabaloratzen dugu. Merkantzia akritiko bihurtzen gaituzte eta 24 orduetara luzatzen zaigu kondena soziala.

Sistemarekiko dependentzia geroz eta handiagoa izan, geroz eta gaitasun gutxiago dugu gure kabuz beharrak asetzeko eta ondorioz beldurra, intseguritateak eta dependentzia bezalako sentsazioak gainditzen gaituzte, hauek, sistemaren kateei oraindik eta gehiago lotzen gaituztelarik. Gainera, sistema kapitalista, lan soziala antolatzeko modu posible bakarra delakoaren ideia osoa hedatua da, bestelako egituraketa sozial baten aukera utopiatzat hartua da eta alderdi politikoen sistema representatibotik atera ezin dabil orokorrean gizartearen pentsamendua.

Parlamentuan ordea ez dugu aurkituko askatuko gaituzten elementurik, marko politiko burgues bat delako eta harreman sozial kapitalistak erreproduzitzeko bitarteko politiko bat soilik delako. Sistemarekiko dependentziaren auziari, independentzia politikoaren formularekin egin behar diogu aurre, gure jarduna, gure interes eta beharretara egokituko den printzipio estrategikotik abitu beharko da, langilegoaren autonomia politikoa.

Burgesiaren aurrean langilegoaren bloke politikoa eratu behar dugu eta horretarako burgesiak erabiltzen duen arma zorrotzenari egin beharko diogu aurre, ideologia (kontzientzia faltsua). Berdintasuna, bakea, konponbidea, herria, askatasuna, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta horrelako kontzeptuen hedapenak klase kontzientzia itzaltzea eta egoeraren gordintasuna estaltzea dute helburu eta honek soilik dominatzaileari egiten dio mesede, klase zapaldua eta klase borroka bera itzalpean mantenduz. Horra or, zergatik den PNV termino hauen bueltan artikulatuta dauden dinamika instituzional posmo-en lider nagusia.

Termino hauek, burgesiaz gain, euskal herriko sozial demokraziaren agenda politikoaren erdigunean daude,eta  honen zergatia azaltzera noa. Langile aristokrazia eta burgesia txikiak osatzen duten bloke politikoak kapitalismoaren barnean beraien pribiliegioak babesteko hautua egiten dute, bi ezaugarri nagusietan oinarrituz beraien estrategia: interklasismoa eta erreformismoa. Beraien pribilejioak truke balioak sortzen dituen gizarte baten baitan lortuak izan diren heinean;hau da, langile klasea, orokorrean, esplotatua eta zapaldua mantendu behar duen sistema baten baitan lortuak diren heinean ekoizpen harreman kapitalistak suntsitu beharrean hau erreformatzeko hautua egiten dute (zerga konkretuak proposatzen, instituzio lokalen gestio ezberdin bat ematen, pedagogia eta bizikidetza proiektuak sortuz). Bestetik, klase banaketan oinarrituriko sistema mantentzeko apustua egiten duten heinean antagonikoak diren klaseen arteko bateratze bat beharrezkoa dute; lehen aipaturiko kontzeptu abstraktuak erabiliz langile klasea kapitalismoaren erreformen alde lerrokatzeko saiakera eginez, kontuan izan gabe behar eta interes erreal ezberdinak ditugula. Beraz, kapitalismoa eta botere burgesaren giza harremanen barnean mantendu nahi den estrategia bat izanik soilik aterabide indibidual edo partikular izan daiteke, langile klasearen zapaldu eta desjabetu egoera mantenduaraziz.

Azaldu dudann bezala, sozialdemokraziaren programak langileen interes errealari (iraultza) erantzuten ez badio ere, honengan erreferentzialtasuna eta lidergotza irabazi du azken urteotan. Langileek orokorrean, eta bereziki estratu ez oso pauperizatuek behintzat, euren egoeraren aterabide bezala burgesia txikiaren aspirazioa elkarbanatzera iritsi dira : erreforma bidez “mundua hobetu”, bera irauli gabe. Egoera kudeatzera eta bertan bizi baldintza minimo batzuen gainean ogi apurrak eskuratzera dedikatzen den bloke politiko reformistari zilegitasun eta oxigeno guztia kendu behar diogu. Langileon interes errealari erantzun baiño, gure egoera betikotzen duen neurri superfizial, partxeo eta propagandaren politikan oinarritzen direnak ez dute iraultza sozialistaren prozesuari erantzuten; langilegoaren emergentzia eta despliege politikoa oztopatzen duten hipokritak dira.

Marxismoa ez da modaz pasa, ez da aktualitate politikoa galdu duen eslogan bat, ez da dogma estatiko bat, ezta ere produktu akademiko ahistoriko bat. Marxismoa langile borrokaren ondorioz etengabe garatu den bitarteko iraultzaile nagusia da, mugimendu konstantean aurkitzen dena. Errealitatearen marko objektiboa eta bertan ematen diren harreman sozialak aztertzeko lanabesa dugu, historian zehar gure interes errealei erantzun izan dien antolakunde eta programak garatzeko ezinbesteko izan zaigun marko teorikoa. Hau bidelagun izanik, ekin diezaiogun  langilegoaren bloke politiko erreala eratzeko bideari, autonomia politikoa eta botere kolektiboa oinarri dutenak; korronte post-marxistak eta alderdi pseudo-demokratikoak dagokien tokian utziaz, bide bazterrean.

Hurrengo atalean, erronka hauek errealizatzeko behar ditugun ezaugarri eta kategorien gaineko azterketan sakonduko dugu, langilegoaren autonomia politikoa zer den eta ze konponentez osatuta dagoen ezagutzearen helburuarekin.

Hurrengo artikuluan jarraitzen du: https://itzalpe.eus/index.php/2018/10/20/langilegoaren-independentzia-politikora-gerturapen-bat-ii/

1 thought on “Langilegoaren independentzia politikora gerturapen bat (I)

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*