Lokatz 2018-11-16

Larunbat gaua da bihotz bakartien tabernan. Atzamarrak keztuak dituen zerbitzariak lehen lau zuritoak atera ditu. Arin hurreratu dira katamaloak, bihotza kateatuta, pausua narras, barratik bi metrora. Gazte amorratuak parranda gaur botako duela iragarri du. Baldintza bakarra dago: ez dezala tristurak agindu. Hartu du lehen txupitoa, buru makur bada ere. Ozen dio (musika hain altu egotean ia belarriak jaten hitz egin behar baitu): gezurra esango dut, alkoholak egia ito dakidan. Erreskadan datoz ordu txikietako kubatak ere: iruzkin sexistak hasi dira ondo pasatu behar zenuen tokian. Zure amonaren loretegikoa da, egin berri duzun porro hori. Deitzen diezu kuadrilakoei eta zuk, erantzungailua besterik ez duzu entzuten komunean zure txanda itxaroten duzun bitartean. Berdin dio, berdin dio zein adinetakoak diren elkar musukatu gabeko gauak, ipurdi eder baten bila gabiltza ordutik. Egunaren argitan zarratu dute bihotz bakartien taberna. Nork bere bidea hartu du (“s”-ka), ez gazteria zapaldu osoarena.

Igaro da udara, herri txiki eta hirietako festa egunak ospatzeko garaia. Oporretatik itzuli zarete eta hori dela eta parrandatxoa botatzeko aukera topatu duzue zuen herrian bertan. Hurrengo astea gogorra izango da, oporretatik itzultzea beti baita latz; asteburu honetan beraz bueltilla. Denok dakigun moduan gehiegi luzatuko dena. Eta ez da iganderik esistituko. Gaupasaz egiten diren apustu zoro horietako bat burutzen ez baduzue noski, sare sozialek bermatuko dutena. Asteburuari itxaroteko pazientziarik ez duenarentzat ordea, pintxopotea gerturatuko zaio. Trago baten truke jan eta pintxoaz kexatzeko aukera. Denbora luzez ikusi gabeko lagunekin egindako bazkari ondoreneko poteoa ere aukera ederra da goizeko ordu txikietan itzultzeko etxera. Bazkaria zenbateraino ote elkar berriro ikusteko edo ateratzeko aitzakia?

 

Igandea iritsiko da (batzuentzat esistitzen ez den eguna) berriro ere astelehenagatik ufaka. Astelehenari iratzargailuak emango dio ongi etorria, guk ez bezala. Eta berriro ere asteburuarekin amesten. Zerbait gaizki ariko gara egiten gogorra egiten zaigun ingurua aldatzen saiatu beharrean, hori jasan eta desfasaren zain irauteko. Zapalduak sentitzetik, aske sentitzera. Barkatu hau esatea baina: asteburuetan/parrandan ez zara aske. Lehen bezain kateatuta zaude. Zergatik erabiltzen da zerbait ospatzeko eta penak itotzeko metodologia bera?

 

Eta goazen zintzoak izatera: benetan badago ospatzekorik? “Tradizio ez dena plazer hutsa da” zioen Gose taldeak; larunbatak ere tradizio bihurtu ote? Soldatapeko (edo ez) lan nazkgarri/nekagarri/aspergarri horri aurre egiteko indarrak hartu beharrean, haretxek berak sortutako frustrazioaz ahazteko mekanismotzat ditugu gaupasak. Behingoagatik zapalduak ez sentitzeko aukera. Lehen aipatu dudan bezala, hau ez da honela. Eta ez hori bakarrik, inoiz ohartu al zara barraren bestaldean pertsona bat dagoela?

 

Hori da, langile klaseko kideok beti gaude zapalduak, baita lan eremutik kanpo ere. Izan ere, oporrak, parranda, aisialdia… Kapitalismoaren parte dira. Arlo asko ikutu nahiko nituzke baina beti ere sistema kapitalistearenpeko aisi-parrandan zentratuta. Hontaz ariko naiz beraz “Bihotz bakartien taberna” deituriko atalean.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*