Urbanrules 2018-11-22

Egunero zapaltzen dut kalea, suerte hori daukat. Zulo ilunetan murgiltzen banaiz ere askotan, kalea aztertzen jarri izan dut nere burua ezinbestean. Horrela egunez, errutinak xurgatutako jendea aurki daiteke (jubilatuak paseoan, langabetuak, gazteak klasera bidean, langileak lanean…). Gauez berriz, basura kamioiak, zipaioen argi urdinak eta egunez ikusten ez direnak. Larunbat gauetan mozkorrak, eta astelehen gauetan betiko mozkorrak. Baina tira, ez da nere helburua nere herriko kaleen azterketa soziologiko bat egitea.

Gure herrian saiatzen dira batzuk gauzak txukun, polit eta normal mantentzen. Horrela guztiz eraldatutako eta eraberritutako auzoak, txuriz edo dagokion kolorez etengabe margotutako paretak, kartelak pegatzeko panel propioak, berriz ere asfaltatutako espaloiak eta abar aurkitu daitezke.

Kalera irteten garenean dena normaltasunez bizi dugu, baina espaloi berria egin aurretik bizitzeko laguntza eskatzen egoten zen pertsona horrek berdin jarraitzen du kalean. (Gehienetan dirua eskatzen, hori baita gaur egun laguntzeko daukagun ia modu bakarra).

Honekin adierazi nahi dudana da, kaleko egituraketan (kartelak jartzeko panelak adibidez) eta egituretan (paretetan adibidez) normaltasuna gailentzen dela oso desberdina den errealitate baten aurrean. Eta honekin esan nahi ez dudana da kaleak zaindu edo txukundu behar ez direnik, baizik eta kaleak errealitatearen plasmazio eta islada izan behar duela, eta nola ez errealitate hau iraultzeko nahiaren eta beharraren islada.

Hala ere, gure herriko kaleek bertako errealitatea plasmatu behar dutela esan dut aurrean, baina ez da gezurra orain ere errealitate bat plasmatzen duela kaleak. Izan ere, batzuen interesak dira kaleak ez duela egoera gordin edo injusturik plasmatu behar, gizarteak bere ordena mantendu dezan eta normaltasunean jarrai dezan. Eta hori ere noski errealitatearen parte da.

Adibidez instituzioek pintadak edo mezuak zabaltzen dituzten paretak berriz margotzen dituztenean, edo mural bat egiteko instituzioen baimena behar izatean eta hauek onartu behar izatean muralean jarriko den mezua. Orduan agertzen zaizkigu bi interesen arteko talkak. Gizarte kapitalista honen errealitate injustu eta krudela azaleratu nahi dutenena eta berau ezkutatu nahi dutenena.

Beste adibide argi bat da mezu iraultzaileak edo salaketazko mezuak hurrengo egunerako borratuta dauden bitartean, “tonto el que lo lea” bezelakoek edo inongo esanahirik ez duten (ez sozialki behintzat) grafiti edo firmak hortxe jarraitzen dutela urte luzez.

Esan nahi dudanaren erroetara joz, kalea ez dadila izan kapitalismoa defendatzen duten horien ispilu, ezkutatzen dituzten (edo jadanik normalizatuta dauden) zapalkuntza edo bestelako errealitateren ispilu baizik. Izan dadila kalea zapalduon espresio eta ez zapaltzaileen espresio. Eta honela erabil dezagun kalea modu antolatuan, kalean eragin dezaketen adierazpen desberdinekin elkarlanean (marraztuz, dantzatuz, eskulturekin…). Eta ez diezaiotela gizarte kapitalista eraldatzeko beharrari zilegitasunik kendu.

Kalean elkartuko gara” esaten da askotan. Ea horrela den.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*