Lokatz 2019-01-12

Asteburua iristeko irrikitan egoten gara sarri, astean zehar goizegi jaiki, beranduegi oheratu, nekatuegi egon, denbora mantsoegi pasa, lan-ordu asko igaro baina hala ere lan gutxiegi egin… Beti -egi; -egirekin amaitzen diren hitz asko eta bafada are gehiago jariatzen ditugu astean zehar, izerdiaz aparte.

Eta ez gara baztertuko: militanteok ere ikasi edo lan egin, arratsaldeetan bilerak izan eta asteburuaren zain gelditzen gara.

Asteburuzentrismo hau ez dator atsedenagatik, ez. Egia esanda, asteburuetan, erritmo zirkadianoa aldatu egiten da. Hau da, gauak esna igarotzen ditugu eta egunak aldiz, ohean. Beno, ohean igandean ezer egitekorik ez baldin badaukagu (mendira igo, bazkari familiarrak edota bileraren bat).

Oporren testuinguruan sartzen gara jaiegunetan (batzuk arrotz) zein asteburuetan. Eta zein da sarri egun/gau hauetan egiten duguna? Parranda.

Garrantzitsua zait hala ere, parrandaren, festaren edota oporren testuinguru ekonomiko-soziala kokatzea: gizarte kapitalista honetan langile klaseko kideak garenok gure denbora eta indarrak “inbertitu” beharko ditugu kapitala akumulatu eta burgesia hazten joango den merkatu honetan lanean. Baita ikaslea baldin bazara ere. Izan ere, ziurrenik jada aski garbi izango duzu ikasleok ere langile klasearen parte garela gure bizi osoa lan batera bideratu beharko dugula jakitean. Gure asteroko ordutegia beraz (izan langile edo ikasle, aurreko zehaztapena kontuan hartuta), jardun honetara bideratuko dugu. Eskema kapitalista honi jarraiki beraz, astelehenetik ostiralera, merkatura zuzendutako zure eginbeharrak gauzatzen jardungo duzu. “Asteburua ez baita epe horietan sartzen”.

Bada oker zaude. Asteburua (/lasaitasuna/aisia/deskantsua…) edota asteburutzat jotzen ez duzun edozein egun “lasai” ere, egutegi horren zati dira. Zati oso garrantzitsu bat gainera. Kapitalismoa oso zehazki eta milimetrikoki gauzatuta dagoen organo ekonomiko-sozial bat da, non, jaia eta aisia barnebiltzen dituen. Hau sinistea zaila izan daitekeen arren, utzi honen inguruko zehaztapen batzuk egiten.

Pentsa inongo deskantsu eta aisirik gabeko gizarte estruktura batean: zure egunerokotasun guztia kapital honen metaketan mugatuko zen eta berandu baino lehen oso ziurrenik (kapitalismoaren asimilazio eta sumisio prozesuak alde batera utzita), nazkatu egingo zinateke. Nazka honek, jarraiki, hainbat ondorio ekar litzakeelarik. Alde batetik, subordinazio horren baitan segitzeko beste alternatiba batzuen bila hastea edota beste muturrera jotzea. Hau da, kondizio jakin horiek (egunero lan egitea adibidez) malgutuko dituen beste (lan) aukera baten bilatzea edota guztiz uztea. Egoera hauek hala ere, ondoren aipatuko dudan beste ondorio batekin zerikusi zuzena izan dezakete, egoera horren aurrean hartutako erabakian (testuinguruaren arabera) alderatuz.

Beste ondorio bat hortaz, gatazkaren presentziaz ohartu eta eskuhartzen saiatzea izango zen. Militantzia alegia.

Bi ondorioetan ordea, badago puntu komun bat: leherketa eta kontzientzia. Egoera konkretu horretan ezinbestean lehertu gaitezke eta arakatzen hasi; sistema agerian utziz, hurrenez hurren.

Jauzi kualitatibo hau ez da sistemaren intereserako inola ere. Hori dela eta, honatx inflexio-puntu bat eta lasaitasuna eskainiko dizun jaieguna. Horrela katarsia ez da horren arriskutsua izango eta pilak indarrez kargatzeko astia hartuko duzu, berriro ekin diezaiozun.

Lan erreproduktibo gisan begiztatu dezakegu ere. Hau da, pertsona baten mantenuan parte hartuko duen eremuan. Egoera honetan beraz, “merezitako oporrak/parranda/deskantsua…” izan genitzake.

Honekin ordea ez dut esan nahi aisia txarra denik, ezta gutxiago ere. Argitu nahi dudana zera da gaur egun materializatzen diren aisialdirako ekintza oro sistema kapitalistaren (sistema zapaltzailearen) baitan artikulatuta daudela. Eta hau ez diot denbora-lerro horren parte delako soilik, bere barnean ematen diren jokaera eta moduengatik baizik.

Alde batean, aurrez aipatutako errealitate honen azpimarraketa dugu, eta bestetik, errealitate honen beraren isladapen nagusia plazaratzen den agertokia delako. Orain azalduko dut azken hau.

Jakitun gara sistema/zapalkuntza berean subordinatzen diren genero, arraza, sexu-adierazpen… auziez. Bada parranda giroan gatazka hauen erreprodukzio konstante bat gertatzen da. Kuriosoa da gainera, izan ere, oso errotikoak ditugun ezkata gatazkatsuenak azaleratzen digula baina aldi berean, sustraietan ditugun arazo hauei konponbide bat bilatzen hasi beharrean, hauek ahaztera kondenatzen dugula geure burua. “Hartu trago bat eta ahaztu ditzagun penak”.

Alkoholaren (edo beste droga batzuen) efektu anestesikoaz baliatzen gara filtroa galdu eta bizipoz egoera bateko antzezleak izateko. Poztasunez betetzen gaituen zurrutari ematen diogu, berez handitu nahi dugun dosia poztasunarena denean. Beraz, aisia eta ondo pasatzearen asoziazioa honakoa denean, kaltegarri bezain alarmagarri izan daiteke. Hain gizarteratuta egonik ordea, parrandan ateratzen ez dena bilakatzen da parasito.

Hala ere aipatzekoa da gazteen ohiturak bezain kezkagarriak direla zaharren txikiteo ohiturak ere.

Sistema anker honen beste eskularru bat noski, drogen eta alkoholaren masifikazioa da. Eta haien atzean dauden enpresa potoloak. Gutxi balioko dizu eraso sexista baten ondorengo kontzentrazio batean presentzia egiteak gero zure ingurua erabat maskulinizatzen duzunean. Gutxi balio baitu taberna batean “Piperrak” edo “Kortatu” eskatzeak sistemaren aurkako oihuak botaz, sistema horri mesede egiten ari zaren moduko mozkorra badaramakizu gainean. Iraultza ez da poteoan egiten.

Eta zer esanik ez barraren bestaldean dagoen langileari buruz. Zerbitzari batek bere kontratua firmatzean (kontratua egiteko aukera izaten badu noski), honako baldintza hauek betetzera behartuta dago: alaia izatea, beti irribartsu, beti prest (bai bezeroarentzat zein nagusiarentzat), adeitsua, jokuan sartzen dena baina irizpide propiorik adierazi gabe, edertasun kanonetan sartzen dena (eta bestela izaerakoa izatea), bezeroak eta nagusiak jasateko haina tonelada pazientzia izatea, zure lagunek konfiantzan abusatuko dutela kontuan hartzea… etabar luze bat leku eta ordutegiaren araberakoa (nahiz eta ordutegiak aipatzeko beste geruza bat diren: hosteleritzako langile baten ordutegiak askotan malgutu behar izaten du bere ordu-muga giroaren arabera).

Aipaturiko faktore guztiek (eta hemen esan ez diren beste hainbeste) nabarmentzen dute festa ere kapitalismoaren parte dela (oso alor garrantzitsua gainera) eta beraz, zure aisiaz gozatzen edota garagardo batekin dantzan zauden bitartean, zapalkuntza sistema beraren sumiso izaten jarraitzen duzula.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*