haitz 2019-02-12

Larunbat goiza eta azokan nabil erosketa batzuk egiten, halako batean inguruko elkarrizketa batean belarria jarri eta isileko parte hartzailea bilakatu naiz. Erosketak egiteko ilaran zain nengoela atzean nituen bi emakume elkar agurtu dira, bata adineko emakumea eta bestea emakume gazte bat. Beraien bizitzako hainbat xehetasun partekatu ondoren, deigarria egin zaidan gaia atera dute honela:

– Ta zu zer moduz?

– Bueno ba enteatuko zinan eskolan ze egoera daon…

– Bai, zeozer ikusi dut, lotsagarria e…

– Babai, egoera arraron aurkitzen gea

Elkarrizketa aurrea joan ahala eskuratu dut bi emakumeen informazio gehio, bata dirudienez Orixeko irakaslea da eta bestea aldiz, ikasle ohia, duela urte batzuk bertan ikasia. Horrela erosketa prozesua aurrea zihoan bitartean belarria atzekoen elkarrizketan murgilduta nuen.

Irakaslea hasi da esanez: “Hiru bakarrik dira! Hiru bakarrik!” Behin eta berriz errepikatuz urduritasun handiz. Horren aurrean zer esan… komunikabideetan zabaldutako irudietan ez dirudi hori behintzat… baina beno jarrai dezagun. Ikasleak, niretzako harridura handiz, irudi ezberdinetan agertu diren pertsonen adina hartu du hauek kriminalizatzeko argudio bezala. “Ze gazteak diren… lotsagarria, ze uste dute ba?” Infantilizazioa ohikoa izan da gazteekiko, eta kasu honetan ez da eszepzioa… borroka bat aurrera eramateko zenbat urte behar dira? Ez ahal dute nahiko legitimitate ikasle horiek? Noski baietz, beraiei eta beraien ondorengoei eragiten dien arau hori aldatu nahi dute eta horretarako antolatu dira, normala izan beharko lukeen bezala.

Etenik gabe aritu dira, ikasleen jarrera desegokitzat kalifikatu ahal izateko argudioak botatzen, “Batxilergoa ez dela derrigorrezkoa” “Ez dute ikasi nahi” “Alferrak dira”. Aipatutakoek ez dute ez hanka ez buru eta ez dut asko luzatu nahi honekin baina bai azpimarratuko nuke ikasle horiek alferretik gutxi dutela. Alferra izatea, ezarritakoa onartzea litzateke. Aldiz, antolatzeak eta ikasleen onura bilatzeak lan asko eskatzen du. Zer esan irakasleei aurre egin eta egunero zure etorkizunaren jabe direnei aurre egiteak, ausardia handia behar da. Lantegian greba egiten duten langileen aurka egitea bezala da ikasle hauen aurka egitea, lotsagabea izan behar da benetan!

Institutuko arduradun eta irakasleek ikasleen eskakizun logikoak kontuan hartu beharrean ikasleek jasa ditzaketen errepresio moduak ari dira erabiltzen, gurasoen presioa areagotzea eta borrokaren infantilizazioa. Honen aurrean poztekoa da ikasleak erakusten ari diren tinkotasuna.

Elkarrizketa aurrera egin ahala beste hainbat argumentu zentzugabe entzun behar izan nituen, “aspalditik da horrela eta ez da inor kexatu orain arte”, “legeak horrela dela esaten du”, “eskola publikoa defendatzen dutela esaten dute, eta horrela ez da egiten”. Ez dut asko sakondu honetan baino bai esan nahiko nuke, norbait ari bada defendatzen ikastetxe hori eta bertakoen interesak ikasleak direla! Zerbait gaizki dagoenean antolatu eta aldatzea delako zentzuzkoa eta ez isilik geratu eta asimilatzea. Ikasleen asimilazioarekiko apologia da irakasleek nahi dutena baino tranpa horretan ez dira erori Orixeko ikasleak.

Zigor eta mehatxu guztien gainetik ikasleek aurrera egingo dutela adierazi dute. Gazte mugimenduko kideek ere erabateko babesa adierazi diete ikasleei eta seguraski beste hainbat eta hainbat norbanakok borroka hau babesten dute. Horregatik ez dut zalantzarik borroka hau irabazi egingo dela. Nekagarria izan arren langile boterearen antolakuntzaz gure helburuak lortuko ditugulako!

Hau guztiagatik nire elkartasun eta babes guztia Orixeko ikasleoi.

Kaleetan ikusiko gara

1 thought on ““Orixeko 3 ikasle alferrak”

  1. Kaixo Haitz eta gainerako burkideak!

    Lehenik eta behin, haitz, zoriontzekoa da egin duzun aportazioa. Izan ere, azken aldian ikasle mugimendua eta, ondorioz, langile mugimendua jasaten ari den eraso honen aurrean honelako elkartasun keinuak ematea ezinbestekoa da. Ezin baitugu iraultzarik antolatu, ez bagara gure artean babestu eta elkartzen.

    Hala ere, esan beharra dut zuk eginiko esaldi batekin ez dudala bat egiten. Artikuloaren bukaera aldean honako esaldi hau botatzen duzu: “Ez dut asko sakondu honetan baino bai esan nahiko nuke, norbait ari bada defendatzen ikastetxe hori eta bertakoen interesak ikasleak direla!”.

    Esplotazio harreman batean bizi garela ulertzen dugun momentutik eta honen erreprodukzioa bermatzeko burgesiak bere forma politikoa (botere burguesa) garatzen duela kontutan izanik, eskolak edo hezkuntza zentroak ezin ditugu hemendik kanpo ulertu. Hau da, instituzio neutral edo desklasatuak izatetik haratago burgesiaren interes politiko eta ekonomikoak defenditzeko sortutako espazioak dira. Bertan ikasten duten ikasleak, etorkizunean lan merkatuan sartu eta esplotatuak izateko bideratuta daudelako. Subjektibitate kapitalista bat gureganatu eta esplotatuak izateko prestatzen gaituztelako.

    Ondorioz ikasleak, edo gehiengoak beintzat, langile klasearen parte direla kontutan izanik, ez dute eskola edo hezkuntza zentroen inongo defentsarik egiten. Alderantziz, langileriaren interes politikoa botere burgesaren parte den espazio hau suntsitu eta langileriaren instituzio propioak eraikitzean datza.

    Hortaz, nire ustetan, ezberdintasun garbi bat egin behar da, ikas baldintzen aldeko borroka eta eskolaren aldeko borrokaren artean. Ikasteko baldintza hobeak aldarrikatzeak ez baitu esan nahi botere burgesaren parte den eskolaren defensa egiten denik.

    Ez dagokit niri Orixeko ikasleak ematen ari diren borrokaren eta iraultza prozesuaren arteko lotura eta garapenaren sakontasun bat ematea. Hori, langile mugimenduko burkide guztion artean eraiki eta eztabaidatu beharreko puntu bat dela iruditzen zait .

    Amaitzeko, nire elkartasun osoa adierazi nahi diet Orixen eta eskualdeko beste ikastetxeetan borrokan ari diren ikasleei. Jasaten ari zareten eraso guztien aurrean erakusten ari zareten indarra eta duintasuna eredugarria da.

    Aupa zuek!

    JTK!

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*