Itzalpe 2019-02-15
Featured Video Play Icon

Badatoz iñauteriak! Kaleak kolorez janzteko prestatzen ari gara Tolosarrak zein inguruko herrietako biztanleak. Aurten ere, EH plazan, azken urtetan ohikoa bihurtu den eran, txoznaren presentzia nabarmenak markatuko ditu festaren ia egun guztiak, eskaintza musikal zabala eta parrandarako giro paregabea eskainiz.

Dena den, EH plazan horren finkatuta egoteak agian norbaiti normaltasunaren sentsazioa eragin diezaioke, festaren makinaria erraldoia bultzatu eta bertatik etekin ekonomiko indibiduala ateratzeko helburua duten beste eremuekin nahastuz, txozna bera zer den ahazteraino agian. Horregatik, gaurko eguna aproposa iruditu zaigu txozna zer den eta zein testuingurutan zein paper jokatzen duen mahai gainean jartzeko.

Demokrazia partehartzailearen ideiaren bidez, norbanako berdin eta neutralez osaturiko mundu bat saltzen digute, zeinetan askatasuna dugun bizitzeko, erosteko, eskubide batzuk bermatuak izateko, proiektu politiko ezberdinak parlamentuaren bidez bideratu eta gauzatzeko… Eguneroko esperientzian ordea, argi ikus daiteke askatasun teoriko horiek ez direla gauzatzen eta gauzatu nahi dituztenek gatazka etengabeetan murgildu beste irtenbiderik ez dutela. Ikusi besterik ez dago Euskal Herriko hizkuntza eta kultura nola diren egunero bortxatuak, etxe kaleratzeak, lakra matxista… Dena den, guzti horren zergatira jotzeko ahalegin analitiko bat egin beharrean gaude, askatasun ezberdinak gauzatzeko dauden ezintasunak ez direlako kausa isolatu eta ausazkoen ondorio, errealitate sozial konkretu batetik sistematikoki eta etenik gabe eratortzen direnak baizik. Arazo guzti horiek gizarte konkretu batean gertatzen direnez beraz, gizarte honen funtzionamenduaren erroak aztertzera sartu beharra daukagu txoznaren existentziaren testuingurua azaldu nahi badugu.

Kontua da, gaur egungo mundu ulerkera hegemonikoak behin eta berriz errepikatzen digun hiritar neutralaren ideia hori guztiz faltsua dela eta guztiontzat eginiko legearen ordez, propietate pribatua dela justiziaren elementu fundamentala. Propietate pribatua eta erosahalmena (diruz neurtua) dira eskubideak eman edo kentzen dizkizuna (justiziaren aurrean abokatu bat ordaintzeko, senar kontrolatzailearengandik independizatzeko, partidu bat fundatu eta gainontzeko partiduekin lehia mediatikoan sartu ahal izateko…) eta hauek ez daude guztien eskuetan ondorengo parrafoetan azalduko den bezala.

Egunerekotoasunean gizakiak biziraun dezan behar dituen produktuen ekoizpenaren esfera kontutan hartu ezkero, konturatuko gara bertan ekoizten dela erosmen ahalmena (eta beraz eskubideak) ematen dizun dirua, eta esfera honekiko norberak daukan posizioak determinatzen du teoriazko eskubide unibertsal horiek gauzatzeko ahalmena. Ekoizpen bitartekoen jabe direnek, burgesek, langileak erosi eta lanean jarriz, dirua pilatzeko aukera izango dute. Bitarteko horietatik pribaturik egonik bere lan indarra saltzen dutenei berriz, lengile klaseko kideei, hurrengo egunean lanera joateko behar duten haina diru besterik ez diete emango.

Legea bera, 2 klase antagoniko hauen existentzia bermatzeko, klase esplotatzailearen mesedetara eraikia dago eta soilik burgesek dauzkate berau betetzeko baldintza errealak, langile klaseak ezin dielako legearen exijentzia ekonomikoei bere kabuz aurre egin. Horrela beraz, gizartean gertatzen diren fenomeno guztiak burgesiaren mesedetara daudela blindatzen da, eta gizartearen %90 ingururen (langile klasearen) arazoak gainditzea ezinezko gauza bihurtzen da bide legaletatik eta sistemak guretzat prestatu dituen instituzioetatik behintzat.

Gure herriak ordea, borrokarako grinik ez zaio falta izan eta zapalkuntza egoera konstanteaz jakitun, behetik gora antolatu eta altxa izan da langile klasearen arazoei antolakuntza bidez eta kolektiboki erantzuteko. Bide horretan, herri xehearen antolakuntza eta borrokaren babesgune gisa sortu izan da txozna Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

Errepresioari aurre egiteaz gain, borroka komunitatea biltzeko eta errealitatea aldatzeko lan militantean ari diren langile klaseko espresio (eragile) ezberdinen sustengurako tresna gisara funtzionatu du txoznak urte luzetan zehar, eta gaur ere, horretan dihardugu Tolosako Txozna Batzordetik.

Bai, paradoxa galanta baina erreala, etsaia gainditzeko bidean etsaiari indarra ematen dion tresna erabiltzera kondenatuak gaude oraingoz, dirua. Horra hor beraz, txoznako antolatzaileek gaur egun daukagun erronka nabarmenetako bat: nola bermatu babes funtzioa propietaterik eta beraz eskubiderik ez dugunontzat, gure interesak mantenduz eta sistemak jartzen dizkigun bide legaletan asimilazioan erori gabe.

Zer esanik ez, harremantze eredu kapitalista toxiko eta menperatzailez zipriztindutako tabernetako giroari, harremantze eredu sano bat kontrajartzeko tresna ere bada txozna, eta urtero lantzen dugu gaia, aurten bezalaxe. Eraso sexisten afera adibidez modu serioan hartzen ari gara azken urteetan, eraso sexistak gertatu ondoren indignatzetik haratago, erasoak ekiditeko eta momentuko mekanismoak antolatzeko lanketa etengabean gabiltza. Arlo horretan egindako lanaren emaitzak hor daude eta nabariak dira, nahiz eta esan beharra dagoen ez garela inondik inora ere paradisu bat, gizarte honen barruan txertatuta gauden heinean.

Behetik gora eta militantziazko lan bidez antolatzen gara beraz txozna aurrera ateratzeko, bestelako edozein bidek inbertsioak eskatuko lituzkelako, eta eremu horretan galtzeko guztiak edukitzeaz gain, sinpleki, ezin dugulako, oinarri dugun klase soziala intrinsekoki desjabetua delako.

Kinka larri horretan, legalitatearen ertzetan, etengabeko kulunkan dago beraz txozna batzordea, eta bere biziraupenaren zergaitia ez da burgesiaren ordezkari politikoek aitortzen diguten eskubidea, langile klaseko sektoreek txozna babestuz egin izan duten eta etorkizunean egingo duten presio soziala baizik.

Alde horretatik beraz, langile/ikasle/lagabetu/etxeko langile… hori, gonbidatzen zaitugu duda izpirik gabe festa egiteko leku bezala txozna aukeratzera, horrela behintzat gure interesen aldeko aletxoa jarriko duzulako. Bestalde, babesgune horrek iraun dezan berme bakarra den indar soziala eraikitzera gonbidatzen zaitugu!

Ondo pasa txoznan, gurean eta gureekin! Gora tolosako iñauteriak!

TXOZNAK EUSKAL LANGILERIAREN PARTE ETA EZ UTZI APARTE

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*