Itzalpe 2019-02-18
Featured Video Play Icon

Pasa den larunbatean, otsailaren 16ean, Triangulotik abiatuta manifestazio jendetsu bat egin zen Orixeko ikasleen intereseko ebaluazio irizpideen alde. Eskualde osoko jendea bertaratu zen elkartasuna adierazteko asmotan. Borrokarekin jarraitzeko indarra erakutsi zuten eta hala egingo zutela adierazi zuten manifestazioaren amaieran burutu zen irakurketaren bidez.

[IRAKURKETA]:

Jada hilabete igaro da Orixeko ikasleok, itxaropentsu eta gogoz puztuta gure intereseko ebaluazio irizpideen aldeko borroka abiatu genuenetik. Urtarrilaren hamalauan egin genuen prentsaurrekotik hasita gaur arte hainbat ekintza burutu ditugu aipatutako asmo berari helduz: ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak lortzea. Argi daukagu Orixe ikastetxeak ezarritako ebaluazio irizpideak ez direla batere egokiak ikasleontzat. Izan ere, ikasketa prozesua modu eramangarri batean burutzeko oztopo handia bihurtzen dira materiaren kantitatea bera eta honi esleitzen zaizkion ebaluazio metodologiak. Honek guztiak, estresa, frustrazioa eta nekea besterik ez dute sortzen ikasleengan, nahiz eta batzuk alferkeriaz edo ikasi nahi ezaz egindako eskakizun bat dela esatean enpeinatzen diren. Beraz, irizpide hauek moldagarriak direla jakitun izanik eta ikas baldintzak hobetzeko beharraz, hasieratik egin dugun aldarrian berresten gara: ikasleon mesedetara egongo diren ebaluazio irizpideak nahi ditugu.

Gure eskaria erabat zilegia bada ere, Orixeko zuzendaritzak argi utzi du publikoki ez duela ezer moldatzeko intentziorik. Ikasleon eskariaren aurrean erakutsitako indiferentzia eta arduragabetasuna gutxi balitz ere, ezin aipatu gabe utzi gure jarduna blokeatu eta beldurtzeko martxan jarri dituen presio eta jazarpen mekanismoak zein hainbat irakaslek hartutako jarrera. Orain arte jasandako mehatxu, kanporaketa zein zigorrez gain, eskola orduetan etengabe entzun behar izaten baitugu irakesleen ahoetatik TASen inguruko difamazioak zein borroka deslegitimatzeko eta ikasleak borrokaren aurka lerrokatzeko egiten dituzten saiakerak. Jakin badakigu, zuzendaritzak erabiltzen duen beste tresna bat besterik ez dela.

Kolpeak kolpe, hasieran bezain indartsu eta inoiz baino konbentzituago aurkitzen gara. Ikasleok argi dugu ez garela esku hutsik geratuko eta gure mesedetara dauden ebaluazio irizpideen gauzapena lehenago edo beranduago emango dela. Horretarako ordea, ezinbestekoa izango da ditugun indarrak batu, elkar lagundu eta borrokarekin bat egiten duen oro gurekin batzea. Batasuna mantenduz eta autodefentsa antolatuz soilik lortuko baititugu gure helburuak. Bide batez, eskerrak eman nahiko genizkioke Euskal Herri osoko ikasle mugimenduari jaso ditugun elkartasun keinu guztiengatik eta Tolosaldeko Gazte Mugimenduari zuen babesa eta eguneroko laguntzagatik. Gora zuek!

Bukatzeko, dei egiten diogu ikasle, ikasle ohi eta langile klaseko kide orori datozen mobilizazioetan parte hartzera: asteartean 11:30etan Triangulotik abiatuko den eskualdeko Ikasle Greba eta ostiralean 12:00etan Triangulotik hasiko den Baterajotze Nazionala. Besterik gabe, animatu, zabaldu eta kalean ikusiko gara!

Borrokak ez du etenik!

Orixeko ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak orain!

Jo ta ke irabazi arte!

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*