Itzalpe 2019-02-23
Featured Video Play Icon

Eskualdeko hainbat musikari eta musikazalek musikaren arloan problematika komun batzuk identifikatu ostean, bateratzea erabaki zuten arazo horiei kolektiboki aurre egin ahal izateko. Hori dela eta, Kaleko Doinuak izeneko proiektu kultural bat osatu zuten zeina Tolosako Gazte Asanbladako azpitalde bat den. Aurtengo iñauterietan txoznetako egitaraueko Ostiral Mehea beraiek antolatzea eskatu zuten, eta hala egin dute. Aukera hori edukita, neska talde baten eta Kaleko Doinuak osatzen dutenen aldeko apustua egin dute. Bestalde, Zaldunita bezperan Kaleko Doinuakeko partaide diren batzuk Amaiur tabernan DJ lanetan arituko dira.

Proiektua publikoari aurkezteko bideo bat egin dute, baina nolanahi ere proiektu hau gertuagotik ezagutu ahal izateko bertako kide diren Mikel Elordi eta Jokin Iraolarekin elkartu gara.

[ELKARRIZKETA]

Zer da Kaleko Doinuak?

[Jokin Iraola]: Tolosako Gazte Asanbladatik sortutako Tolosako eta Tolosaldeko musikari zein musika taldeek osatutako talde bat da.

[Mikel Elordi]: Musikak gaur egun merkantzia papera jokatzen duen bitartean, gure ustez, musika artearen espresio anitz eta zabal bat bezala hartu beharko litzateke. Horregatik, merkatu kapitalistak eta botereak bere mesedetarako erabili duen bezala, musika sistema hau salatu eta iraultzeko arma eraginkortzat hartzen dugu ohikoak ez diren termino, praktikez… baliatuz.

Zergatik sortu zen?

[Elordi]: Ba taldea sortu zen hainbat musika taldek arazo komun bat ikusten baikenuen. Izan ere, udaletxera joaten ginen entsegu gela baten eske eta nahiz eta asko tematu ginen hori lortzen eskaerak eta jartzen beti beraien ezetza jasotzen genuen edo talde askotaz paso egiten zuten. Orduan, Tolosako Gazte Asanbladak problematika hori ikusita, musika taldeak animatu gintuzten gure artean batu eta problematika horri aurre egitera; hau da, baliabide gabeziari aurre egitera.

Biltzen hasi ginenean, entseguetarako lokalez gain, beste arazo kolektibo batzuk mahaigaineratu genituen arlo honetan, musika arloan. Materialak lortzeko dauden oztopo ekonomikoak, zentsura, informazio publikoaren kontrola eta ezabaketa beste askoren artean. Horregatik, bakoitzak zailtasun hauei bere kabuz aurre egin beharrean kolektiboki erantzun bat ematea pentsatu genuen. Hortaz hori guztia barnebiltzen duen proiektu kultural bat jarri genuen martxan autogestioan eta kolektibizazioan oinarritzen dena.

Nola antolatzen zarete?

[Elordi]: Azpimarratzekoa da Kaleko Doinuak TGAko azpitalde bat dela, eta hortaz, bere antolakuntzaren parte dela, eta taldearen antolakuntzaren harira esan genezake

[Iraola]:  ba ostegunero 19:00tan gelditzen gara Abastosen dauzkagun gaiak jorratzeko eta baita urtearen hasieran erabakitzen dugun plangintza aurrera eramateko ere.

Nola har dezakete parte musika talde bat ez daukaten norbanakoek?

[Elordi]: Esan beharra dago Kaleko Doinuak proiektuan parte hartzen dugunon artean musika talde bat duten norbanakoak zein ez daukatenak aurkitzen garela. Beraz, musika arloa jorratu nahi duen edonor zein honen inguruko ikuspuntu kritikoa aurrera eraman nahi duen edonor eta proiektuarekin bat egiten duenak proiektuan parte hartu dezake.

Zein ekintza burutu dituzue orain arte?

[Elordi]: Nik esango nuke ekintzak beharrean urte hasieran jarri genituen erronkak direla; Asanbladak ebatzitako erronkak zein taldeak bere buruari ebatzitako erronkak. Lehenengo erronka, artearen inguruko eztabaida ematea izan zen Tolosako Gazte Asanbladako hiru taldek burutu genuena. Eztabaida Arte Urbano, Su Etenetik bertso taldeak eta guk, Kaleko Doinuakek eman genuen artea jorratzeko egin ziren jardunaldi batzuetan. Artea ez ikusteko abstraktuki eta artearekiko jokaera eta ikuspuntu bat edukitzeko.

[Iraola]: Gure taldeak burutu duen beste erronketako bat, filosofia bat sortzea izan da gure nortasun propio bat edukitzeko. Beharrezkoa ikusten baikenuen gure proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Taldeak azkenekoz gauzatutako ekintza, Ibarran antolatu genuen ekitaldia izan zen, non kontzertuez gain, gure proiektua azaltzeko aprobetxatu genuen. Eta bide batez, eskerrak eman nahi dizkiogu Ibarrako Gazte Asanbladari ekintzan bertan lagundu izanagatik eta espazioa uzteagatik.

Arazorik topatu al duzue zuen proiektua gauzatzerako garaian?

[Iraola]: Proiektua gauzatzerako bidean arazo handirik ez dugu topatu. Guk identifikatzen ditugun problematikak talde hau sorraraztera bultzatu gintuztenak dira, eta pixkanaka ari gara ideia batzuk biltzen horiei aurre egiteko. Baina bestela gure ekintzak burutzerako garaian, oraingoz behintzat, ez dugu arazo handirik topatu beste eragileekin izan dugun elkarlan eta elkartasunari esker.

Zein da zuen mezua eskualdeko gazte musikazaleentzat?

[Elordi]: Ba musikari zein musikazale bezala dauzkagun zailtasunei aurre egin ezinik bazabiltza, edo besterik gabe, musika edo kultura interesatzen bazaizu gure ongi etorria eman nahi dizugu taldera eta proiektuaren parte izateko gonbita zabaltzen dizugu.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*