Itzalpe 2019-05-11
Featured Video Play Icon

Atzo arratsaldeko 17:00etan eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu zen prentsaurreko baten bitartez Ibarrako plazan. Bertan, protokoloaren eraketaren prozesu luze eta konplexu guztia azaldu zuten, protokoloaren helburuak ere aurkeztuz. Deialdi zabal egin zen herritar guztiei bideratua protokolo honetan parte hartzeko aukera eta beharra zabalduz.

Honako hau izan zen egin zuten irakurketa:

” Uda honetan herrian emandako gertakarien harira, Ibarrako Gazte Asanbladako kideak ohartu ginen eraso sexisten aurrean jarduteko eta hauei neurriko erantzun bat emateko gabezi handiak nabari zirela herri mailan. Honen aurrean, kezka hau plazaratu eta zenbait herritarren adostasuna ikusita, eraso sexisten aurkako protokolo bat eratzearen apustuari ekin genion, udako gertakariek eragindako inpotentzia eta haserre guztia antolatu asmoz.

Prozesu luze eta konplexu honi hasiera emateko, jende ezberdinez osaturiko taldetxo bat sortu genuen, eta ikasturte honen hasieran ekin genion protokoloaren eraketari, emakume langileok jasaten ditugun eraso sexistei erantzun irmo bat eman eta hauek ekiditera bidean pausoak emateko helburuarekin.

Esan bezala, protokolo hau eratzearen beharra, gehienbat erantzuteko gaitasun eza ikusirik nabaritu genuen. Izan ere, ez dugu nahi herrian horrelako erasoek inongo legitimitaterik izan dezaten; eta herri guztia posizionatzea bilatzen dugu, erasotzaileek garbi ikusi dezaten gure artean ez daukatela inongo lekurik. Honetaz gain, pentsatzen dugu piskanaka gaitasunak irabazten joan behar dugula eraso hauetaz gure kabuz babestu ahal izateko; beharrezkoa ikusten baitugu erasotzaileen aurka herri guztia elkartzea, ez baitugu sinisten gureak ez diren lege eta justizia ereduan, ezta hauek babesten dituzten instituzioetan ere. Soilik gure antolakuntza eta autodefentsaren bitartez lortuko baitugu eraso hauei erantzun irmo bat eman, eta etorkizun batean ekiditea.

Hau horrela, ikasturte guztian zehar zenbait asanblada irekiren bitartez joan gara piskanaka gure protokoloari forma ematen. Protokoloari bost helburu zehaztu dizkiogu, epe motzekoak ondorengoak direlarik:

1.- Herri mailako eraso sexistak identifikatu eta hauei erantzuteko gaitasuna izatea.

2.- Erasoei erantzuna emateko garaian erreferente izatea.

3.- Eraso sexistekiko tolerantzia jaistea.

Epe luzerako helburuei dagokienez, ondorengo biak finkatu ditugu:

1.- Errepresio kasu guztiei erantzuteko gaitasuna irabaztea.

2.- Instituzio burgesetara jotzeko beharra ezabatzea.

Honetaz gain, protokoloa lau zatitan banatzen dugu: batetik, erasoetaz jakinarazteko mekanismoak bereizi eta identifikatu ditugu, zeinetan lehenengo pauso gisan protokolo taldearen gmaila sortu dugun, erasoez ohartarazteko; bestetik, erasoen inguruko informazioa nola sozializatuko dugun hausnartu eta zehaztu dugu; hirugarrenik, biktimarekin izan beharreko harremanaren inguruan eztabaidatu eta zenbait puntu finkatu ditugu; eta amaitzeko, erasotzaileakiko hartu behar dugun jarrera zehaztu dugu. Jakitun gara, baina, eraso guztiak ez direla intentsitate edot maila berekoak, eta ondorioz, ezin dugula jarrera bera hartu eraso bakoitzaren aurrean. Hau ikusirik, erasoak hiru mailatan banatu ditugu hauen intentsitatearen, maiztasunaren, eta ezaugarrien arabera; eta ondorioz maila baxuko, ertaineko eta altuko erasoak bereizten ditugu; bakoitzaren aurrean erantzun ezberdinak planteatuz.

Etorkizun batean inongo zapalkuntzarik gabeko gizarte batean bizitzeko helburua dugunok, gaurdanik hasi behar dugu gizarte honetara iristeko pausoak ematen, eta horrela ulertzen dugu guk protokolo honen existentzia. Zapalduon mesedetara dauden tresnak eratzen eta indartzen joan behar dugun heinean, gure interesak defensatzen dituen tresna garrantzitsu bezala ikusten dugu protokolo hau. Etorkizunean eraso sexistak egon ez daitezen, beharrezkoa baita gai hau dagokion seriotasunez hartzea, eta zapalduon autodefentsa antolatzea.

Hau horrela, dei zabala egiten diegu herritar guztiei protokolo hau martxan jartzeko garaian euren aletxoa jar dezaten. Izan ere, protokoloa erredaktatuta eta osatua dagoen arren, hau martxan jartzea falta zaigu, eta hau herri guztiari dagokion eginbeharra da; protokolo hau ezingo baita praktikara eraman guztion inplikazio xumearekin ez bada. Beraz, edozein herritarren ekarpena egin nahi badu, batetik gonbidatua izango da protokolo lantaldearen parte izatera, eta bestetik, protokoloak eskatzen dituen ekintzak aurrera eraman zein babesa ematea besterik ez da eskatzen duguna. Aurrerantzean jakinaraziko dugu zeintzuk izango diren herritarrek egin ditzazketen ekintza txikiak protokolo hau martxan jartzen laguntzeko.

Besterik gabe, herritar oro animatzen dugu gurekin elkarlanean aritzera, guztion artean lortuko baitugu emakume langileon aurkako eraso oro ekiditea, eta eraiki nahi dugun zapalkuntzarik gabeko gizarterantz pausoak ematea.

ERASOEN AURREAN ERANTZUN KOLEKTIBOA!

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*