Itzalpe 2019-06-23

Tolosaldeko Gazte Mugimenduak aste honetan zehar aurrera eraman duen Borroka Astearekin jarraiki, pasa den ekainaren 20an, Goierriko Bategin Langile Autodefentsa Sarearen hitzaldia burutu zen Zizurkilgo Kaxilda Gaztetxean. Hitzaldia edo aurkezpena luze joan ez zen arren, eztabaidarako tartea ireki zuen, eta horrela, hainbat galdera eta emendakinez betetako hitzaldi mamitsua izan zen.

Lehenik eta behin, hizlaria gaur egun indarrean dagoen ziklo politikoa halako testuinguru batean kokatzen hasten da. Hasiera, Lizarra-Garaziko Hitzarmenean kokatzen du, zeina 1998an ospatu zen eta Euskal Herriko sozialdemokraziaren garaipena ekarri zuen. Hitzarmen honek, nazio askapen mugimenduaren porrota, eta horrela, ziklo politiko gogor honen itxiera ekarri zituen. Modu honetan, gainbehera honek sektore batek borroka birmoldatu eta instituzioen mesedetara jartzea ekarri zuen, bere baitan estrategia aldatuz, eta langile klasearen mesedetara arituko zen bloke iraultzailearen sorkuntza deuseztatuz edo blokeatuz. Nahiz eta prozesu honek, finean, azaletik udaletxeei boterea esleitu, argi eta garbi ikus daiteke egun gizarte honetan boterea duen klase horren interesetara egokitua dela bai udaletxea, hots, instituzio burgesa, eta bai horren baitan aurrera eramaten den jarduna.

Gaur  egun, ziklo politiko berri baten aurrean aurkitzen garela azpimarratzen du hizlariak, adibide gisa Gazte Koordinadora Sozialistaren eta Errakiren sorrera mahai gaineratzen dituelarik. Horrela bada, estrategia aldaketa baten presentzia argia dela esan dezakegu, eta modu honetan, estrategia sozialistaren gorpuztea agertzen zaigu, gaur egungo ziklo politiko berriaren ipar bihurtu dena hain zuzen ere. Honek, bere baitan erakusten du, egun langile klasea, hots, prozesu sozialista honetan subjektibitate iraultzailea duena, egoera defentsibo batean aurkezten zaigula mundua arautzen duen sistema kapitalistaren aurrean. Izan ere, autoreak fase defentsiboa “botere kuota” batzuk lortzen joateko fase bezala aurkezten digu, etorkizunean, egun artikulatuta agertzen zaigun botere dominanteari, hots, botere burgesari aurre egiteko. Bide honetan, hizlariak garrantzi handia ematen dio esparru guztietan langile klasearen boterearen artikulazioari, eta hori egikaritzeko, klase honetako kideen antolakuntza, kontzientzia eta autodefentsa sustatzeari.

Ondoren, sistema kapitalistaren ideologia orokorretara egiten du jauzi, klase dominantearen ideologiara hain zuzen ere. Hemen, egun indarrean dagoen botere burgesa, klase honek jazartzen duen eta langile klaseko kideon eguneroko bizitzako esparru guztietan zein gure pentsaeren baitan dirauen ideologia burgesak legitimatzen du. Modu honetan, estrategia sozialista, langile klaseak eduki beharreko bide-orri bezala aurkezten digu, bere baitan duen desjabetu izaera hori desegin eta historian zehar lapurtua izan zaion botere eta autonomia hori berreskuratzeko. Honekin batera, hizlariak argi azpimarratzen du klase ertainak ezin duela izan subjektu sozialista; batetik, bere izateagatik antagoniko diren bi klaseen (langile aristokrazia eta burgesia txikia) arteko aliantza bat suposatzen duelako, eta bestetik, klase ertainaren fenomeno honek burgesiaren interesei erantzuten dietelako, beraien helburu nagusia “Ongizatearen Estatua” baita, hau da, baliabide materialez hornitua izango den bizitza “on” bat edukitzea.

Honekin aurrera jarraiki, autoreak, gaur egun aurrera eramaten ari den proletarizazioa nabarmentzen du, eta honen arrazoia, egun ematen ari den sistema kapitalistaren krisian kokatzen du. Izan ere, krisiaren inguruko definizio zehatzik ematen ez duen arren, krisia bera arrakalada sorrarazten duen egoeratzat identifikatzen du, sistema kapitalista arautzen duen ekoizpen prozesuan sortzen den ahulgunetzat hain zuzen ere. Langile klaseko kideok ahulgune hori aprobetxatzearen beharra azpimarratzen du, sistemaren barruan hausturak sorrarazi eta modu honetan, gure klase kondizioa hobetuko duten garaipenak lortzen jarraitzeko. Honekin batera, sistemak berak, kontratendentziak dituela adierazi du autoreak, sei kontratendetzia hain zuzen ere, sistema kapitalistaren ahulgune bilakatuko liratekeenak. Beraz, egun ematen ari den proletarizazio hau gehienbat gazte sektorearengan islatzen dela azpimarratzen duen arren, langile klase osoari eragiten dion fenomeno bezala identifikatzen du. Horrela, desjabetuon klasean dirauten, eta gazte sektoretik at kokatzen diren gainerako esferak edo kapak ere pairatzen dituzte zapalkuntza eta proletarizazio prozesu hau, eta beraz, beraien klase posizioaz kontziente izanik subjektibitate iraultzailea gorpuzten dirautela ikus dezakegu.

Horrela bada, langile klasearen proletarizazioa eta izaera desjabetu hori desagerrarazte bidean, soldata dela gainditu beharreko kategoria dio autoreak. Hau aldatu ezean, ezer aldatuko ez dela azpimarratzen baitu. Izan ere, soldata batek, menpekotasun bat, botere bat, eta horrela, indar-harreman bat azaleratzen dizkigu. Eta indar-harreman batek, botere-harreman bat  edo klase antagonismo bat adierazten dizkigu zuzenki. Betiere, boterearen kontzeptua, ikuspuntu historiko batetik begiratuta; hau da, kontuan izanda, historian zehar egon diren indar-harreman horiek izan direla beti sortutako boterearen oinarria.

Guzti hau kontuan hartuta, langile klasearen desjabetu izaerak eta honen etengabeko proletarizazioak, egoera defentsibo batetik egoera ofentsibo batera igarotzeko behar diren baliabideak lortzeko beharrak, eta modu honetan, autodefentsa artikulatu eta langile klasea antolatzeko eta klase elkartasuna sustatzeko derrigortasunak dakar Bategin Langile Autodefentsa Sarearen sorrera. Bategin Goierriko Autodefentsa Laboraleko Sarea da, soldatapeko langileen defentsara atxikitzen dena, eta helburu bezala langileriaren klase soziala mantentzea eta igotzea duena, hau da, Autodefentsa Sare honen bitartez garaipen txikiak gauzatzen edo lortzen joatea sozialki langile klaseak errespetua edo estigma lortu ditzan. Honetarako, autoreak argi azpimarratzen du, Langile Autodefentsa Sareek modu integral batean jarduteko beharra, hots, soldatapeko lanean aritzen ez diren arren (ikasleak, etxeko andreak, etorkinak…), langile klasearen parte diren esfera guztiak kontuan hartzearen beharra, eta hala nola, hauen antolakuntza eta autodefentsa artikulatzearen premia. Amaitzeko, Langile Autodefentsa Sare hauek Euskal Herri osoan sortu eta elkarren artean koordinatzeko derrigortasuna adierazten du hizlariak. Gure etsaia gu baino indartsuagoa den arren, antolakuntza egoki batekin garaipen txikiak gauzatu eta bidea argiztatzeko gai garela egiaztatuta dagoela dio. Klase elkartasuna oinarri izango duen antolakuntza eta koordinazio egoki batekin, langile klasea bere etsaiaren, klase burgesaren, aurkako borrokan posizioak irabazteko gai dela hain zuzen ere. Hala ere, burgesiaren aurkako borroka gogor eta neketsu honetan, argi izan behar dugu, borroka ideologikoa dela benetan gogorrena; hau da, klase dominatzaileak txertatu digun ideologia hori deseraiki eta langile kontzientzia garatzea.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*