Itzalpe 2019-06-25

“Amorrutik iraultzara” lemapean bost egunetako Borroka Astea burutu zen eskualdean ekainaren 17tik 21era bitartean. Tolosaldeko Gazte Mugimenduak antolatu zuen gazte langileok pairatzen ditugun problematika desberdinak identifikatu eta hauen azterketa sakonago bat egitera begira.

Jada Borroka Astea amaitu delarik, antolatzaileek berau baloratzeko astia hartu dute. Hona hemen gazte mugimenduko kideek plazaratu duten balorazioa:

“Aurreko astean amaitu zen borroka astea, eta ezin aipatu gabe utzi hemendik atera ditugun ekarpenak. Gazte problematikaren baitan sorturiko auzi ezberdinak identifikatu eta hauetan sakontzeko aukera izan dugu. Jabetu gara beraz, zein diren gure amorruaren fundamentuak. Hala ere, hauei aurre hartzeko, gaztearen bestelako iruditegi bat sortu eta antolatzen hastea besterik ez zaigula geratzen ondorioztatu dugu, iraultzarako oinarrizko pauso gisa. Hona hemen egun hauetako edukietatik atera ditugun ondorio eta ondorengo pausoak:

Borroka astearen atzean antolatzen aritu garen eragile zein norbanakook ez ditugu honako auziak hausaz aukeratu, izan ere, “gazte langile” gisa zuzenean eragiten digutelako aukeratu ditugu. Ez dute izaera independiente bat, non helburu soilek determinatzen duten. Auzi hauen oinarrian dagoen helburua bakarra da, gazte langileon izaeraz probestea batzuen interes ekonomikoak asetzeko; hots, burgesia besteak-beste. Hortaz, garrantzitsua iruditzen zaigu argitzea, auzi hauek elkarrekin lotuta daudela. Honen adibide da inposatzen diguten harreman eredua, gure harremanak hauskorrak eta efimeroak bilakatzen dituztenak. Egungo jai eredu kapitalista kasu, zeinetan gure zaintza pertsonala eta harremanak sakontzea helburu izan ordez, gure arteko erasoak eta liskarrak areagotzen dituen. Horri gehitu behar zaio drogaren sozializazioak duen eragina gazteongan, non gure egoera pasiboa betikotzea bilatzen duten. Gehitu, honako ereduak mekanismo efikazak direla etekin ekonomikoa atera eta kultur eredu kapitalista bultzatzeko. Eredu honek alternatiba gutxi uzten dizkigu gazte langileoi gure kultur eredu propioa sortzeko. Desbalorizatuak dira kultura masa orokorrari erantzuten ez dioten proiektuak, eta beraz inbisibilizatuak. Gure eskualdean ordea, horrekin puskatu eta bestelako ereduak sortzeko lanean gabiltza dagoeneko; Kaleko Doinuak proiektua horren adibide.

Gure arteko erasoak etengabekoak dira, eta hori genero zapalkuntzaren baitan ulertzea ezinbestekoa da. Argi dago langile klaseko kideon arteko mesfidantzak eta erasoek gure elkarlana eta elkar antolatzeko gaitasuna murriztea ahalbidetzen dutela. Azken finean, elkarren artean harremantzeko ezintasunek elkar antolatzea inposibilitatzen digu, eta gure antolakuntza bera da kapitala suntsitzea eta gizarte berri baten eraikuntza ahalbidetuko digun bermea.

Horretaz gain, egungo krisi garaiak ez dio soilik gazteriari eragin, orokorrean, langile klase guztiaren bizi baldintzak egin dute okerrera, hau garbi ikus daiteke langile-klaseko estratu guztien baitan ematen ari den prekarizazioarekin. Egoera horretan langilea kondenatua dago lan-baldintza prekarioetan bere lan-indarra saltzera, eta horren ondorioz, bere bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko zailtasunak besterik ez ditu topatuko, erabateko indefentsio egoeran aurkituz. Modu berean ulertu behar ditugu, langileon bizi baldintzen okerrerako joera, alkilerren gorakada eta hipotekarako ezintasunak sekulako dependentzia sortzen duela, eta honetatik haratago, langile klase guztiaren errealitatearen isla dira ia eguneroko ogi bilakatu diren etxegabetze eta desalojoak. Honen aurrean alternatiba eraginkorrak bilatu behar ditugu, eta horietako bat izan daiteke okupazioa, kapitalari zuzenki kontrajarriko zaizkien guneen kontrola ahalbidetzeak honekiko dependentzia murrizteaz gain, gure gaitasunak biderkatzeko baldintza materialak eskaintzen baitizkigu.

Aste honetan argi ikusi dugu burgesiak isolatuak eta despolitizatuak nahi gaituela. Honen aurrean ezin dugu geldirik geratu, eta ikasi dugun bezala kapitalaren etengabeko erasoei kontra egingo  diegu, gure arteko zaintza eta elkarlaguntza oinarri izanik. Alternatiba errealak jarriko ditugu martxan eta langileon interesei erantzungo dien gizartearen eraikuntzan lanean jarriko gara gaurdanik. Tolosaldeko Gazte Mugimenduak martxan jarraituko du, eta aste honetan bildutako indar guztiarekin, gogo gehiagoz ekingo diogu berriz lanari. Tolosaldeko gazteok ez gaudelako prest burgesiaren etengabeko erasoen aurrean geldirik geratzeko, gure amorru guztia erakutsiko diegu!!”

AMORRUTIK IRAULTZARA

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*