Itzalpe 2019-06-28
Featured Video Play Icon

Joan den astean, “Amorrutik Iraultzara” lelopean burutu dugu borroka astea eskualdean, “gazte langileok pairatzen ditugun problematika desberdinak identifikatu eta hauen azterketa sakonago bat egitera begira”. Problematika horiek salatu eta horien inguruan hausnartu ondoren, ostiralean, Ezpala Gaztetxean Tolosako Txozna Batzordeak antolaturiko afarian, Tolosaldeko Autodefentsa Sareak, ikasturte honetako bere ibilbide eta garaipenak ospatzeko ekitaldia burutu zuen, aste honi amaiera emanez. Jarraian uzten dizuegu bertako irakurketa eta bideoa.

Dagoeneko amaitu da aurtengo kurtso politikoa, eta honen amaierarekin batera iritsi dira Tolosaldeko bi ikastetxetara hainbeste borrokatutako garaipenak. Tolosaldeko Autodefentsa Sareak gure ikasle langile kondizioari aurre egiteko eta ikasleon autodefentsa antolatzen hasteko hautua egin zuen urrian, eta zenbait hilabetez lanean aritu ginen gure bi zentroetako (Laskorain eta Orixe) analisiak egiten eta problematika zehatzak aztertzen. Egoera honetan, urtarrilean Orixen historiako eta euskarako ebaluazio irizpideak aldatzeko borroka piztu genuen. Difamazio eta gezur ugari zabaldu dira borroka hau gauzatzearen arrazoiaren inguruan, baina argi geratzea nahi dugu ikasleriaren gehiengoa ados zegoela gure eskaerarekin, hobeki esanda, gehiengoak nahi zuen aldaketa bat zelako aktibatu genuela hura. 

Ibilbide luzea izan du Orixeko borrokak, eta honen dimensio zein garapenaren ondorioz borroka nazional bilakatu zen. Hasieran, prentsaurreko bat zabaldu genuen, eta honen ondorio izan ziren zenbait kaleraketa eta zigor. Hala ere, gurearekin jarraitu genuen, 200 sinadura bildu genituen gure eskaerarekin atxikimendua adierazteko, eta hasieratik edukiaz hitz egiteko negoziatzeko espazio bat eskatu genuen. Denbora aurrera zijoan, eta TASeko kideok oraindik ez genuen negoziatzeko espazioa lortu, eta honi aurre egiteko zenbait ekintza egin genituen bai ikastetxean zein eskualde mailan. Hauen artean eskualdeko greba, parodia, kirats eguna… 

Kontziente ginen zuzendaritzak ez zuela mahai hori bermatu nahi, eta hau lortzeko bide bakarra nazionalki ditugun indarrak batzea iruditu zitzaigun, honela, otsailaren 22an Baterajotze Nazionala deitu genuen, non negoziazio mahai horren irekiera lortu genuen. Izugarria izan zen egun hura, sekulako indar erakustaldia izateaz gain, gure zentroko borroka indartzeko oso mekanismo garrantzitsua izan zen. Otsailetik aurrera TASeko kideok Ikuskaritzarekin negoziatzen egon gara, eta honek jakinarazi zigun mintegiak prest daudela gure eskaera entzuteko, eta konkretuki, hau izan da lortutako garaipena: historiako iruzkinei dagokionez, moodle plataforma kendu egingo da eta gaiei dagokionez, irailaren 8an, proposamen berria ekartzen duenean irakasleak, ikasleak honen gainean erabakitzeko aukera izango dute.

Orixen garaipena lortu genuen baina horrek ez zuen gure borroka eta antolakuntza etetea eragin, beranduago Laskorainen ikasle gela bat eskuratzeko hautua egin zuen TASek, eta ikastetxeko beste eragileekin elkarlanean arituta, hurrengo urterako beraien gela propioa lortu dugu.

Argi dago ez dela urte samurra izan TASeko militanteontzat, baina garaipen hauek gure egin ditugula jakiteak indarrez betetzen gaitu langileon defentsa egiten jarraitzeko. Nola ez, mila esker bihotzez gure borrokaren parte bilakatu zareten guztioi, zuek gabe ez genuke garaipenik ezagutuko. Mila esker nazionalki jasotako babes guztiagatik, zuen elkartasun eta konpromezuagatik, aurten Tolosan izan delako baina bihar nork daki non. Azkenik, esker beroenak eskualdeko eragile, norbanako eta asanbladei, borroka honetan zutabe garrantzitsua izan zarete, eredugarria da zuen konpromezua eta borondatea.

EZ DEZATELA ESAN BORROKAK EZ DUENIK BALIO!

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*