Ezker Iraultzailea 2019-07-04

Langile borrokak indartsu handitzen ari dira Hego Euskal Herrian, enpresetako gatazketatik sektoreko grebetara. Langile klaseak frogatu du kaleetan eta greben jarraipen zabalean, prest dagoela borrokan indarrak biderkatzeko eta ofentsibara pasatzeko. Horretarako, borrokak elkartu behar ditugu Greba Orokorra antolatuz borroka plan baten barnean, aldarrikapenak elkartuko dituena eta gobernu zein patronalak atzera egitera behartu arte jarraituko duena.

Irabazi altuenak enpresariek, soldata baxuak eta prekarietatea langileek.

EAJ eta PSEren gobernuak saldu nahi duen “euskal oasiaren” gezur handiaren frogarik hoberena langile borrokak izaten ari dira. Enpresari eta bankari handiak ederki aberastu dira krisiarekin. Enpresa irabaziak biderkatu egin dira eta marka guztiak hautsi dituzte azken urte hauetan, EAJ, PSE eta PPk zergak jaitsi dizkien bitartean. Irabazi horiek langile klasearen aurkako erasoetatik datoz zuzenean: hitzarmenen blokeoa, lan erreformak, EREak eta kaleratzeak, pribatizazioak eta murrizketak. EHn, azken hamar urteetan KPI hamar aldiz gehiago igo da soldaten bataz bestekoa baino, eta tartea askoz ere handiago da soldata baxuenetan. 19 eta 25 utre bitarteko gazteen bataz besteko soldata 7.374 urteko eurotakoa da, gutxieneko soldatara ere ez da iristen.

Patronalak eta euskal administrazioek kosta ahala kosta eutsi nahi diote azken urte hauetan lortu dituzten botere eta irabaziei. Horregatik erantzuten dute blokeoarekin eta errepresioarekin. Ez da diru kontua bakarrik, klaseko aginte auzi bat da. Garaipenak lortzea borroka luzeago eta gogorragoak eskatzen ari da. Horregatik da are beharrezkoagoa borroken batasuna, indartsuago kolpatu beharra dagoenean.

Kapitalismoa amildegi ertzean. Alternatiba iraultzaile baten alde

Mundu mailako ekonomia amildegi ertzean dago. 2008tik sorturiko espekulazio burbuila berriaren leherketak, beste gain ekoizpen krisi bat eragin dezake.

Gobernutik eta patronaletik behin eta berriz esaten zaigu ezin direla lan baldintzak hobetu, lehiakortasuna galtzen delako nazioarteko merkatuan. Etengabe erabiltzen dituzte enpresa itxieren eta kaleratze masiboen mehatxuak langile mugimenduaren aurka. Baita gezurrezko kanpaina ideologiko sakona ere, gure aukeren gainetik bizi garela esanez, beraiek direnean geroz eta gehiago jotzen dutenak zorpetzearen eta espekulazioaren negoziora. Burgesiak argi utzi ditu bere asmoak. Industria birmoldaketa berri bat, austeritate politika gehiago eta lan prekarietate gogorragoa dira Eusko Jaurlaritzak eta patronalek dituzten errezetak gure kontura aberasten jarraitzeko.

Sistema kapitalistaren logikaren baitan ez dago konponbiderik. Langileok ez ditugu burgesiak eragindako krisiak behin eta berriz ordainduko. Beharrezkoa da gizartearen eraldaketa sozialistaren alde egingo duen alternatiba iraultzaile bat eraikitzea, enpresari handi gutxi batzuen diktadurarekin behin betiko amaitzeko. Langileak greban jartzen garenean erakusten dugu zeinek jartzen duen benetan gizartea martxan. Erresidentzietako, garbikuntzako, Bizkaiko metaleko, Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako eta beste hainbat sektoretako langilek argi erakutsi dute badaudela indarrak. Horregatik elkartu behar ditugu gure indarrak borroka bakar batean, Euskal Herriko greba orokor batean. Klaseko sindikalismoa behar dugu, borrokalaria eta demokratikoa, langile klasearen borroka bultzatu eta elkartuko duena, patronalari aurre eginez eta mehatxuen aurrean makurtu gabe.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*