Itzalpe 2019-08-13

Udara amaitzen ari den arren, abuztuko azken asteak “modu ezberdin” batean aprobetxatu ahal izateko egitarau oparoa antolatu dute Tolosako Gazte Asanbladako kideek Ezpala gaztetxean.

Askotariko ekimenak antolatu dituzte espazioa bera zaindu zein horretaz probestu ahal izateko. Horretarako, auzolan egun desberdinak antolatu dituzte gaztetxearen azpiegitura egokitzen jarraitzeko. Bestalde, jakintzak elkarbanatzeko parada ere egongo da bideogintza eta photoshop ikastaroen bitartez. Horretaz gain, hausnarketa eta gogoetarako espazioa ere izango da Ezpala.

Beste egun berezi gehiago ere egongo dira azken aste hauetan. Horrenbestez, bertako asanbladako kideek gaztetxera gerturatzeko gonbita luzatu dute.

Nolanahi ere, iraila gogor hasiko dute Tolosako gaztetxeko kideek. Izan ere, irailaren 3an Ezpalaren aurkako epaiketa gauzatuko da Tolosako epaitegian. Bertan, eraikinaren okupazioaren harira epaituko dute gaztetxeko kide bat. Eraso hori guztiz “arrotza” egiten zaiela adierazi dute TGAko kideek, gainera, “gazte mugimendu eta langileria osoaren” aurkako erasoa dela salatu dute. Hala eta guztiz ere, garbi adierazi dute gaztetxea defendatzen jarraituko dutela “Tolosak gaztetxe baten beharra” duela berretsiz.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*