Itzalpe 2019-08-21

Duela bi egun hasi ziren bi udaltzain Ibarran lanean. Haien etorrera, ordea, ez da atsegina izan herrian. Izan ere, “udaltzaingoarekin ibartarren segurtasuna ala kontrola? Munipak kanpora” idatzita dagoen pankarta bat azaldu da herriko plazan.

San Bartolome jaiak hastear zirela hasi ziren lanean Ibarrako udaltzainak, Oskar eta Josu. Ibarrako Udalak 2017an udaltzain lanposturako ateratako oposaketak gainditu ostean, Arkaute Akademian formatu ziren azken hilabeteetan.

Hori dena bete ondoren, jada Ibarrako kaleetan zehar lanean dabiltza udalak hainbat funtzio ezarri dizkielarik. Haien zeregin nagusiak honakoak izango dira: udaleko agintariak eta ondasunak babestea, hiritarren segurtasuna eta babes zibila, mugikortasuna eta bide-segurtasuna, polizia administratibo eta judiziala eta bestelako eginkizunak.

Nolanahi ere, ibartarrek ez dute begi onez hartu udaltzaingoa herrian izatea. Herritarren segurtasuna bermatu baino hauek kontrolatzeko figura direla uste dute. Horrela adierazten du San Bartolome jaien aurreneko egunean plazan agertu den pankartak. Bertan ageri den esaldiak jendea horren inguruan hausnartzera bultzatzen du. Horrez gain, herritik kanpo nahi dituztela garbi utzi dute.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*