Malkar 2019-10-06

Gaur egungo gizartean sakonki barneratuta dauden “ printzipio ideologiko” edota balore unibertsal batzuk kuestionatuko ditut ondorengo testuan. Horretarako noski, aldez aurretik gai honen inguruko analisi bat egitea beharrezkoa zaigu. Balore hauek zertan oinarritzen diren, eta dinamika kapitalista globalarekin zer kontraesanetan erortzen den aztertzen saiatuko naizelarik ahal den heinean. 

Lehenik eta behin, argi izan behar dugu balio hauek zer oinarri materialen baitan egituratzen diren. Marxek formazio sozial kapitalistari eginiko kritikaren arabera, prozesu kapitalista orokorraren baitan bi esfera bereizi daitezke. Batetik, zirkulazio sinplea egongo litzateke, zeinetan norbanako desberdinak truke harreman baten baitan erlazionatzen diren. Hau da, sistema kapitalistaren azaleko esferatzat har genezake, non produkzio kapitalistatik datozen merkantzia desberdinak esfera honen eremu den merkatu kapitalistan salerosten diren. 

Beste alde batetik, lehen aipatu dugun produkzio kapitalista aurkitzen da. Bertan, egoera guztiz desberdin batekin topo egiten dugu. Hemen, norbanako guztiak ez dira berdin eta libre bezala agertzen, desberdintasun neurrigabe baten baitan kokatzen den banaketa batean baizik. Produkzio bideen eta produkzioa gobernatzen duen kapitalaren jabe den burgesia alde batetik, eta soilik bere lan-indarraren jabe den eta bizirauteko hau saltzera kondenatuta dagoen langile klasea bestetik. Beste era batera esanda, gizartearen kontrol sozial eta ekonomiko zuzena duen klase dominantea, eta honek ezartzen duen biolentzia estrukturalak azpiratuta duen klase zapaldua aurrez aurre dauden eszenatoki batean aurkitzen gara.

Bi esfera hauen argazki orokor bat izanda, bakoitza zer oinarriren baitan egituratzen den ikusiko dugu. Zirkulazio sinpleari dagokionez, ez dugu ulertu behar garai aurrekapitalista batean zegoen forma ekonomiko bezala. Nahiz eta beste sistema ekonomiko batzuetan ere produktu desberdinen salerosketa egon, sistema kapitalistan soilik hartuko dute produktu hauek merkantzia izaera. Izan ere, produktu hauek jada ez dira ekoizten gizartearen beharrak asetzeko, baizik eta merkatuan saltzera begira ekoizten dira. Horregatik, esan daiteke truke-balioak erabateko nagusitasuna lortzen duela formazio sozial kapitalistan, eta erabilera balioa bigarren plano batean gelditzen dela. 

Hau esanda, gizartea truke erlazio baten baitan egituratuta dagoela ondorioztatzen da. Bertako indibiduoak erlazio honen baitan harremantzen direlarik. Horrela, gizartearen parte garen indibiduon harremanak guztiz superfluoak bilakatzen dira, beti gure interes indibiduala lehenesten dugularik. Hala ere, testu honetan ez gara zentratuko harreman hauen nolakotasunean, hauen oinarrian dagoen forma ekonomikoa zertan datzan eta burgesiak hau zertarako baliatzen duen desenglosatzea baitugu helburu.

Zirkulazio sinplea isolatuki hartuz gero, indibiduo guztientzat justua den forma ekonomiko baten aurrean aurkitzen garela esan ahalko genuke. Izan ere, lehen aipatu dugun bezala ez da inongo bereizketarik aurkitzen merkantzien salerosketa gauzatzerakoan. Harreman honetan ez baita kontuan hartzen subjektua, objektua baizik. Hau da, balio berdina duten merkantzien ( equivalenteen) trukean jartzen da atentzioa, eta ez truke hau gauzatzen duten subjektuen izaeran. Harreman honi truke erlazioa deritzo, eta truke hori posible egiteko diruaren bitartekaritza ezinbestekoa izango da ( sistema kapitalistan diruak hartzen duen funtzioa kolektiboki hausnartzeko gai bezala gomendatuko nuke).

Analisiaren puntu honetara iritsi garelarik, non aurkitzen da arazoa? Berdintasunean eta askatasunean oinarritzen den truke erlazioa sistemaren funtsa izanik, existitzen al da klase banaketarik? Zirkulazio sinplea eta beraz truke erlazioa, bere espresio hutsean hartuko bagenu ( burgesiak egin ohi duen moduan), gizartean dauden pertsona guztiak maila edota estatus berean kokatuko genituzke. 

Kontua da, truke erlazio hau konstanteki eta maila unibertsalean eman ahal izateko, merkantzien akumulazio erraldoi bat egon behar dela. Hau da, merkantziak etengabe akumulatzen joan beharko dira, eta aldi berean zirkulazioan egon beharko dira merkatu kapitalistan. Ikusi dugu jada zirkulazio horren oinarrian dagoena eta nola materializatzen den gizartean, baina merkantzien akumulazio prozesua nola egituratzen den eta zirkulazioarekin duen harremana zein den ikusi beharra dugu orain. Hori baita sistema kapitalistaren kontradikzio nagusiak bisualizatzeko eta burgesiaren errelatoa abordatzeko bermea emango diguna.

Merkantzien akumulazio prozesu hau, produkzio kapitalistan ematen da. Testuaren hasierako zatian esan bezala, produkzio kapitalista bi klase antagonikoen banaketan oinarritzen da. Hau da, desberdintasun nabari batean oinarritzen da. Lehen ere esan dugu, merkantzien zirkulazio etengabea egon dadin, hauen akumulazio prozesua ere etengabe eman behar dela. Beraz, sistema kapitalistaren funtzionamenduan beharrezkoa izango da merkantzien zirkulazio eta produkzio prozesuak elkar-harremanean egotea. Baieztapen honekin kontradikzio garbi batekin topatzen gara. Izan ere, nola da posible berdintasunean oinarritzen den erlazio bat, desberdintasunean oinarritzen den beste erlazio batekin elkar-harremanean egotea?

Truke erlazioa berdintasun abstraktu batean oinarritzen delako, eta funtsean produkzio kapitalistan dagoen klase bereizketaren parte delako. Azken batean, merkatuko zirkulazioan indibiduo aske bezala aurkitzeko eta truke erlazio horretan parte hartzeko, balio minimo bat ( diru forman) eduki beharra dago. Horretarako, langile klaseak bere lan-indarra saltzea eta beraz, burgesiaren boterera subordinatzea beste aukerarik ez duelarik. Horrenbestez, ez ditugu bi esfera isolatu eta autonomo bezala ulertu behar, nahiz eta burgesiak ulerkera hori zabaldu nahi duen, bata bestearengandik abstraituz.

Amaitzeko, analisi honi konklusio politiko bat atera diezaiokegu. Ezin garela zentratu sistema kapitalista erreformatzen ( gobernu aurrerakoiagoei bozkatuz, beti gizarteko sektore berdinei mesede egiten dieten sindikatuetan parte hartuz, independentzia aldarrikapen abstraktuak eginez…), eta langile klasearen askapen erreala nahi badugu, formazio sozial kapitalista bere osotasunean suntsitu beharra daukagula. Kapitalismoaren barnean ez baitago aukerarik pertsona guztiak libre eta berdin bezala aurkitzeko. Balio hauek lotura zuzena eta banaezina dutelako klase banaketarekin. 

Gai honen inguruan gehiago sakondu nahi bada, Cesar Ruiz Sanjuanen “Libertad, igualdad y propiedad en la sociedad capitalista” lantzea gomendatzen dut. Bertan agertzen den zatitxo batekin geratzen naizelarik idatzi hau amaitzeko:

 “… Marx pone de manifiesto que las representaciones que se derivan de las relaciones de intercambio de la sociedad burgesa no corresponden a las relaciones sociales de ese sistema económico históricamente determinado que es el capitalismo, y que tampoco han existido en ninguna época anterior, sino que son la imagen refleja que esa sociedad tiene de sí misma.”

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*