Lanna 2019-10-07

Bilboko Erronda kaleko egoitzaren lapurreta berriro ere herri zein foro ezberdinetan eztabaidagai aurki dezakegunez, problematika edo gatazka honi dagokion garrantzia eman eta berau gure egitea dagokigu Ikasle Abertzaleak antolakundeko militante orori. Gatazkaren ulerkera maila nazionalean kokatu, dagokion garrantzia eman eta determinazio osoz erantzuteko hautua egiten dugularik. 

Egoitzaren auziaren kokapen eta ulertze egokirako zenbait aipamen egingo ditut jarraiki, modu kronologiko eta ordenatuan.  Hasteko, Bilboko Erronda kaleko egoitza, duela ia 30 urte erosi zen Euskal Herriko ikasle mugimenduko zenbait eragileen jardun politikoa aurrera eramateko azpiegituratzat, honen titulartasuna Euskal Ikasleen Erakundea elkartearen izenean jarri zelarik. Geroztik, IAk bere jardun politikoa aurrera eramateko erabili izan du egoitza, are gehiago, Ikasle Abertzaleak antolakundeak hartu du bere gain egoitzaren kudeaketa urte luzeetan. Esan dezakegu beraz, Ikasle Abertzaleak antolakundeak legitimitate osoa duela egoitza bere jardun politikoa aurrera eramateko espaziotzat identifikatzeko. 

Sortu alderdiak, ordea, bere kontrolpean aurkitzen ez den ikasle mugimendua kolpatzeko mugimenduak egin ditu. Pasa den kurtso politikoan jakitun izan ginen Sortu alderdiak prozedura irregularren bitartez, urte luzez IAko kideak egon diren Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza aldatu zuela Sortuko 3 militante izendatu zituelarik Elkarteko zuzendaritza berri gisara, mugimendu guztiak ezkutuan eta egoitza erabiltzen zuen eragile zein militante ororen bizkarretara egin zituelarik. Jarraian, Sortuk elkarteko zenbait estatututan aldaketak burutu zituen, (ezkutuan berriz ere)  esterako, Euskal ikasleen erakundeko bazkide izateko beharrezkoa zen ikasle izaera exijitzen zuen estatutua bertan behera utzi zuen.

Elkarteko zuzendaritzaren eta beraz egoitzeren gaineko kontrola eskuratuta, Sortuk, IAko militanteak egoitzatik botatzearekin mehatxatu zituzten berau uzten ez bazuten. Urte luzeetan egin bezala, antolakundeko militanteak jarraikortasunez antolakundearentzat ezinbestekoa den azpiegitura erabiltzen jarraitu zuten, Sortu alderdiak printzipio politiko-moral guztiei uko egin eta “kasualitatez” kurtso politikoa amaitzean (eta beraz, IAko jardunak jaitsiera nabarmena duen momentua iristean) Sortuk egoitzaren zerraila aldatu eta hori ez ezik, alarma bat jarri zuen, zeinak estatuko indar polizialen jarduna inplikatzetik haratago, kontrol soziala bultzatu eta klase autonomia oztopatzen duen. Hau horrela, geroztik, Ikasle Abertzaleak antolakundeari, esan bezala, egoitzaren jabe legitimoari, berauen erabilera ukatu dio Sortu alderdiak.

IAk auziari aterabidea proposatzeko asmotan, pasa den urriaren 3an, Sortuko kideak diren eta berauen burua Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendari gisara izendatzen duten 3 militanteak Elkarteko bazkideek burutuko luketen batzar orokorrera gonbidatu zituzten, zeinetara berriro ere (pasa den urtean ere honelako deialdi batetara gonbidatu baitzituzten ere) ez ziren agertu. Hau horrela, Ikasle Abertzaleak antolakundeak egindako komunikatuetan agertzen den bezala, Sortuk auzia konpontzeko erakutsi duen  borondate eza dela eta, IAk bere gain hartzen du auziari aterabidea emateko ardura. 

Sortu alderdiak eginiko eraso larri honek beraz, gauza bat besterik ez du demostratzen. Sortu alderdiak bere kontrolpetik ihes egiten duen ikasle mugimendua kolpatzeko interesa. Alderdi milioidunak ez baitu interesik Erronda kaleko egoitza jakin horretan, bere gain baititu Euskal Herri osoan zehar azpiegitura ugari, baita berauek eskuratzeko adina diru ere. Sorturi benetan interesatzen zaiona zera da, Bizkaiko, kontrolpean ez duen ikasle mugimendua bere jardun politikoa aurrera eramateko tokirik gabe uztea eta, beraz, Ikasle Abertzaleak antolakundea kolpatzea da. Militanteon borondatez bizi den antolakundeak ez baitu eta ez baitu izan Euskal Herri osoan egoitzak erosteko milioirik. Sortu alderdiak, honetaz jakitun, Bizkaiko jardunarentzat ezinbestekoa suertatzen den egoitza lapurtu digula esan dezakegu, baita zerraila aldatu zutenean barruen genuen materiala lapurtu digutela ere.

Eskualde honetako militante gisara azkeneko aipuak egin nahiko nituzke. Auziaren kokapen zehatza gure eskualdetik kilometro ugaritara aurkitzen bada ere, ugariak dira Ezker Abertzaleak Euskal Herri osoan zehar Ikasle Abertzaleak antolakundeari eginiko erasoak, eta beraz, jarraikortasunez, tokian toki Ikasle Abertzaleak antolakundearen jardun politikoa kolpatzen eta saboteatzen saiatzen ari denari determinazio osoz erantzutea dagokigu antolakundeko militante orori, eta beraz, honen isla behar du izan Bilboko Erronda kaleko egoitzaren auziak.

Auzi honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, Gedar langile kazeta gatazka honen jarraipena egiten ari da. Jarraian duzue aurreko astean Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideok burutu genuen prentsaurrekoaren bideoa.

[Prentsaurrekoa] Egoitzaren auziarekin eragindako “arazo larria” konpon dezan exijitu diote Sorturi

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*