Kroma 2019-11-10

Euskal Herriko langileriak jasan duen errepresioa urtez urte errepikatzen joan den egoera bat da. Gure herriko gertuko historian ezin ditugu ahaztu frankismoak utzitako zauriak eta ondoren etorritako borroka fasea. Euskal Herriaren eta bertako langilegoaren aldeko borrokak ondorio latzak izan ditu militante politikoengan, eta ondorioz ezin dugu borroka ulertu errepresiorik gabe, ezin ulertu dezakegun bezala errepresioa elkartasun sare eta laguntza antolatua gabe.

Honetan aitzindariak izan ziren bi elkarte: Ayuda Patriótica Vasca eta Anai artea. Lehena, guda zibilaren ondoren antolatzen hasitako elkartasun sarea izan zen, kutsu erlijiosoa zuten asistentzialismo elkarteetatik aldendu eta oinarri politiko batzuen baitan antolatzen zen. Bigarrena, frankismoaren amaieran sortu zen Ipar Euskal Herrian, Espainiar Estatutik ihes egindako militanteei babesa eskaini ahal izateko. Humanismoan oinarritutako elkarte hau hamarkada luzeetan aritu da Euskal Iheslariei babesa ematen.

1969ko Martxoko Ayuda Patriótica Vasca taldearen aldizkariaren portada (Argentinan idatzia)

Frankismoaren amaieran, amnistiaren aldarriak, manifestazio eta mobilizazio andana ekarriko dituzte. 1975 eta 1977 artean etengabeak izango dira Amnistia aldarri duten protestak, horietako asko eta asko indarrez deseginak, hainbat eraildako eraginez tartean.

Amnistiaren beharrak, Euskal Herrian aldarri honen inguruan egituratuko zen erakunde berri baten lehen pausuak ematea ekarri zuen. 1975eko lehen hiruhilekoan, Gipuzkoan, lehenengo gestora eratuko da. 1976ean Nafarroa, Araba eta Bizkaiakoak eratuko dira. Gestora hauek hasiera batean gizarteko pertsona ezagunek bultzatuak izango dira, baina denbora tarte oso labur batean herritarrak hasiko dira antolatzen herriz herri, pertsona ezagunen presentziaren indarra jaitsiaraziz eta benetako herri antolakuntza forma emanez.

Modu asanblearioan amnistiaren aldeko komiteak eratuko dira auzoetan eta herrietan. Honela, Amnistiaren aldeko komisio nazionalaz gain, Hego Euskal Herriko amnistiaren aldeko komite guztien koordinazioa aurrera eramango duen taldea sortuko da, Amnistiaren aldeko elkarteen sorkuntza bideratuko duena 1976aren erdialdean.

1977ko Indultuarekin ENAMeko azken preso politikoa askatzearekin batera (Grapoko 3 euskal presok ez dute indulturik jasoko) eztabaidak sortuko dira komisio nazionalean, aurrera jarraitu edota komisioa bukatutzat emateko. Azkenean, komisio nazional hau disolbatu egiten da eta Amnistiaren aldeko elkarteen esku uzten da amnistiaren aldeko eta errepresaliatu politikoen laguntzarako lanketa. Amnistiaren aldeko elkarteak mugimendu bakar bat bezala antolatuko dira Hego Euskal Herriko lau probintzietan, eta bakoitzak dinamika propio bat aurrera eramateaz gain autonomoak izango dira. Mugimendu hau Gestoras Pro Amnistia bezala izenpetuko da, eta honela adieraziko dute Gestoretatik elkartearen nolakotasuna:

1977an Amnistiaren aldeko komisioak ateratako pegatina

“Las Gestoras somos un ORGANISMO POPULAR, cuyo objetivo final es la AMNISTÍA TOTAL. Para nuestro trabajo utilizamos tres campos de actuación: la denuncia de la represión, la ayuda al represaliado y la movilización en aras a acabar con esa represión.  La existencia de Gestoras Pro-Amnistía después del indulto del 77, no es un capricho de unos pocos, sino la necesidad que surge de la existencia de cada vez un mayor número de presos”

Frankismoaren erorketa eta “demokrazian” sartzearekin batera, gatazka politikoaren lausotze bat bilatu nahian, irudimen kolektiboan errepresioaren ahultze bat txertatu nahi izan zen, hasiera bateko presoen eta errefuxiatuen gutxitzearekin. Gainera, errepresioa zehazten da erregimen berria onartzen ez duten horiengan. Azpimarragarriak diren hainbat aldaketa ematen dira garai hauetan; Auzitegi Nazionalaren sorrera batetik; tribunal berezi bat sortuz espainiar estatuan, frankismo garaiko “Tribunal de Orden Publico”aren jarraipen gisa ulertuko da, terrorismoarekin lotutako gaietan oinarrituko delarik. Bestalde, 1978ko amaieran Lege Antiterrorista onartu eta martxan jarriko da, atxilotuak 10 egunez inkomunikatuak izan daitezkeelarik. Izugarrizko eragina izango du honek militantzia osoarengan, eta baita amnistiaren aldeko taldeetan.

Amnistiaren aldeko borrokak preso eta errefuxiatuak existitzea eramaten zuten kausa politikoen desagertzea aldarrikatzen zuen, asistentziaz gain. Errepresioa zorrozten joan ahala hainbat lan lerro gehiagotan lana egiten hasiko dira Gestorak; hala nola, militanteen atxiloketetan beharrezko laguntza juridikoa eta ekonomikoa emanez, torturak ezagutara eramaten eta praktika honen aurkako mobilizazioak osatzen. Horretaz gain, geroz eta gehiago izango dira etxetik alde egitera behartuta ikusiko diren militanteak, eta hauen inguruko sozializazioa eta laguntzaren gaineko ardura ere hartuko dute Gestorak.

1977an Espainiar estatuko euskal preso politiko ia guztiak Soriako espetxean izango dira, Martutenen eta Burgosen aurkitzen diren bakan batzuez gain. 1978 amaieran, presoen erdia (97) Soriako espetxean egongo da, beste erdia, Hego Euskal Herriko kartzela ezberdinetan aurkituko delarik: Martutenen, Langraitzen, Basaurin eta Iruñean. 4 preso Burgoseko espetxean egongo dira, eta bat Carabanchelen. Guztira, dagoeneko 199 izango dira Euskal Preso politikoak.

Presoak geroz eta urrunago zeudela ikusita, eta kartzelako erregimenaren gogortasuna kontuan izanik, zuzenki familiei dieten eraginari lotuta, Gestorak familien presentzia ekarriko dute lehen aldiz. Modu honetan, orokorrean familiako kide bat preso egoteak ekartzen dituen arazo guztiei modu antolatu batean aurre egiteko.

Mugimendu errepresiboei dagokienez, hurrengo urteetan espetxe politika zorrozten jarraitzeko modu berri bat eramango dute aurrera: segurtasun handiko kartzelen sorrera. 1982 amaieran, Alcala Meco (Madrilen) irekiko dute eta Euskal Presoak bertara eramango dituzte. 1983 amaieran, Puerto Santa Marian aurkitzen diren presoak Herrera De la Manchako espetxe berrira eramango dira. Preso emakumezkoei dagoekienez, Caravanchelen irekiko duten segurtasun handiko zonara eramango dituzte. Amnistiaren aldeko Gestoratatik “Carcel de exterminio” hauen aurkako salaketa eta mobiliazioak hasiko dira.

Herrera de la Manchako kartzelara egingo diren martxak izango dira Gestoratatik abiatutako mobilizazioen ikur nagusia. Kartzela horretako presoek komunikazio greba bat hasiko dute, eta familiarrek beraiekin egon ezingo dutenez, kartzela kanpotik saiatuko dira komunikazioa bermatzen. Areagotzen joango da familia kideen martxa hau, eta 1984ko urte osoan zehar luzatuko da milaka pertsona bilduz.

Errefuxiatu politikoei dagokienez, presoen egoera bezala, aldakorra izango da 1977ko indultutik. 1979an, errefuxiatu izaera geroz eta militante gehiagori ukatuko zaie Frantziar estatuaren partetik. 1982tik aurrera deportazioak izugarri areagotuko dira eta GALen atentatuak hasiko dira. Iparraldean bizitzea geroz eta arriskutsuagoa eta zailagoa bilakatuko delarik.

Amnistiaren aldeko Elkarteen azken urteetan garrantzia handiko bi faktorek izango dute eragina. Batetik, aurrez aipatutako GALen sorrera eta honekin lotutako talde paramilitarren atentatuak, “Gerra zikina” bezala ezagutuko zen garaiari izen eman ziotenak. Bestetik, Euskal Herria militarizatu zuen deklaratu gabeko gerra egoera. “Zona Especial Norte Plana” bezala ezagutu zena, eta Espainiar estatuko indar armatuen partetik, Hego Euskal Herrian errepresioaren izugarrizko areagotze eta honekiko plan zehatz baten sorrera ekarri zuena.

Guzti honek, AAEei hausnarketa prozesu bat abiaraztea ekarriko die. Egiturak hobetzeko beharrak, geroz eta funtzio gehiago aurrera eraman nahi izateak, eta etsaiaren errepresio metodo berriei aurre egiteko mekanismoak garatu behar izateak ekarriko dute berregituraketa hau besteak beste. Honela, 1985ean Amnistiaren Aldeko Batzordeen lehenengo batzarra aurrera eramango da.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*