Itzalpe 2019-12-03

Gaur eguerdiko 12:30ean Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide epaitu dituzte Tolosako epaitegian. Zizurkilen, Kaxilda gaztetxea martxan jartzeko birjabetutako lantoki ohiaren “usurpazio arina” da egozten dieten delitua. Fiskalak, 3 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du auziperatutako bi kideentzat; hala, espetxea ekiditeko, egunean 6 euroko isuna ordaindu beharko lukete 3 hilabetez, 1.080 euroko isuna alegia. Horrez gain, espazioaren berehalako desalojoa ere eskatu du fiskalak. Auzi saioa amaituta, Zizurkilgo Kaxilda gaztetxearen aurkako auzia epaiaren zain geratu da.

Dozenaka lagun bildu dira epaitegiaren kanpokaldean auziparatuei babesa adieraztera; “zuen arma errepresioa, gurea klase elkartasuna” zioen zabaldu duten pankartak. Asanbladako kideek adierazi dutenez, bi kideri tokatu bazaie ere, “beste edozein izan zitekeen”. Azpimarratu dute, “kolektibo oso bat” izan dela gaur epaitua, eta horregatik deitu dute elkarretaratzea, “bi pertsona horiei elkartasuna adierazteko eta ikusteko ez daudela bakarrik”.

Ohartarazi dutenez, “hamar egunetik hilabete baterako tartean aterako da epailearen sententzia”, eta fiskalak eskaturiko zigorra onartzen badu “desjabetze prozesu bat irekiko dute”. Ondorioz, hilabeteak luzatu den ibilbide judizialaren ondoren, Kaxilda gaztetxea desjabetze prozesu baten atarian egon daiteke. Egoera honen aurrean, ordea, geldirik ez direla egongo eta borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute, “orain, inoiz baino gehiago”. Honenbestez, “mobilizazioei adi egoteko deia” zabaldu dute.

Salatu dutenez, auzi saioan zehar entzun diren hainbat hitzartzetan “argiki azaleratu da epaiketaren izaera politikoa”. Diotenez, “Ertzain batek hitza hartu duenean gertakariak desitxuratu nahi izan ditu, gezurrekin eta argumentu kriminalizatzaileekin”.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*