Itzalpe 2019-12-28

Zein testuinguru soziopolitikotan sortzen da Tolosaldeako Autodefentsa Laboraleko Sarea? Eta zein behar nagusi identifikatzen dituzue hau sortzeko?

Denok dakigun bezala, 2007-2008.urtearen inguruan mundu mailako krisi global bat bizi izan genuen, krisi kontextu honek langile klasearen bizi baldintzak kaltetu zituen eta egun kaltetzen jarraitzen du, orokorrean bere bizitza osoa miseria gordinera bideratuz. Krisi honen kontextuan sortzen da Langile Babes Sare hau, egungo zapalkuntzei modu antolatuan aurre egin ahal izateko.

Beharrei dagokienez, egiten dugun apustu nagusia soldatapeko lanera bideratua dagoen arren, gainontzeko esfera guztietan langile klaseak bere interesak defendatzea eta horretarako pixkanaka klase elkartasuna antolatzen hastearen beharra da identifikatzen dugun nagusiena. Horrela, jasotzen ditugun zapalkuntza egoera guztiei aurre egiten hasi ahal izatea bilatu nahi baita.

Zein dira Autodefentsa Laboraleko Sare honen helburu nagusiak?

Oinarri bezala soldatapeko lanaren gaindipena eta gizarte kapitalistaren gaindipena jarri ditugu, hauek baitira esplotazio egoera guztien oinarriak. Helburua beraz, hauek gainditzea da. Gure prozesuan ordea, pixkanaka hasiko gara, soldatapeko lanaren baitan ditugun gatazkei aurre egiten. Horretarako hiru lan lerro izango ditugu. Batetik, gizartearen eta lan munduan gertatzen diren gatazken analisia burutzea, ahalik eta garbien jakin ahal izateko gertatzen hari zaiguna eta honi modu eraginkorrenean erantzuteko. Bestetik, soldatapeko lanaren baitan dauden lan gatazketan klase elkartasuna antolatzea guri ez zapaltzeko eta zapalkuntza zein gatazka ezberdinetan gure interesak ezarri ahal izateko. Azkenik, klase elkartasuna soldatapeko lanaren baitan emateaz gain gainontzeko esferetara ere zabaltzea bilatzen dugu, pixkanaka gizarteko gainerako arloetara artikulatuz.

Helburu hauek zein formatan eramango dituzue aurrera? 

Jartzen dugun printzipioa klase elkartasuna da, eta ondorioztatzen duguna berriz  krisi honek eta gizarte honek zapaldu egiten gaituela. Beraz, zapalduon egoeran gaudenok hainbat interes komun ditugula identifikatzen dugu.

Interes komun horietatik abiatzea da gure instrumentua, hau da klase elkartasuna, beste hitz batzuetan esanda, kondizio sozial berdinetan gaudenak elkar laguntzea dela benetan erabiliko den instrumentua bai soldatapeko lanean eta baita etorkizun batean irekiko ditugun gainontzeko esferatan. Laburbilduz, gure arteko elkartasuna eta gure arteko babesa izango dira instrumentu.

Nola harremanduko zarete herritarrekin? Nola jo dezakete herritarrek zuengana?

Denborarekin pixkanaka zabalpen bat ematen joango da langile babes sarea, honetaz gain twitterra eta emailea ere sortuak ditugu. Orokorrean parte hartzea bi zentzutan eman daiteke. Batetik Sarean bertan, gatazka bat baduzu eta ez baduzu babesik gatazka hau garaitzeko edota aurrera eramateko adibidez, sarera etorri zaitezke laguntza eske nahiz babes horren bila. Bestetik, herritarrok edo langilegoak babes hori artikulatzeko momentuan planteatzen den formatua bakoitzak bere ale bat aportatzea da. Esaterako borroka bat eman behar denean jendea prest egotea presioa egiteko, difusio lanetan aritzeko, informazioa lortzeko eta abar. Herritarrok edo langilegoak hartzea beraz konpromezu ezberdin horiek eta hauek artikulatuz aurrera eramatea dauden lan eta borrokak gainditzea.

Zer aurreikuspen duzue Autodefentsa Laboraleko Sarearengan? Nolako eragina izango duela uste duzue eskualdean?

Territorialki zabalpen bat ematea aspiratzen dugu, hau da eskualdeko sare bat den momentutik, herri ezberdinetako jendea egotea sarean antolatuta. Beraz gure apustuetako bat izango litzake esan dugun zabalpen territorial hori. Izan ere, zentzu honetan ikusten dugu krisi egoera batean gauden heinean, borroka asko martxan jarri diren heinean eta beste asko isilpean dauden bitartean, artikulazio horrek emango digula benetan gatazka horiek hauspotu ahal izatea. Beraz etorkizun hurbil baterako, beharrezkoa ikusten dugu zabalpen territoriala eta indar horien gorpuzte soziala.

Zerbait gehitzeko?

Zapalkuntza egoeran dagoen jende hori animatu nahiko genuke isilik ez geratzera eta dagoen egoeratik borrokara batzera, elkarrengan babesa bilatuz.

1 thought on “Elkarrizketa: Tolosaldeako Autodefentsa Laboraleko Sarea

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*