Malkar 2020-01-05

Oraingo honetan, prozesu sozialistaren baitan gorpuzten ari den antolakuntza ereduaren inguruko hausnarketa bat mahaigaineratu nahiko nuke. Izan ere, gai honen inguruko lanketa kolektiboak ematea behar-beharrezkoa dela iruditzen zait, gure proiektu politikoa modu hoberenean aurrera eramateko. Hau esanda, antolakuntza eredu sozialistaren oinarrizko elementuak zein diren identifikatzea ezinbesteko lana izango da gure antolakuntza forma fintzen joateko. Beraz, idatzi honen bidez elementu hauetan sakontzeari ekingo diot, ahalik eta probetxu politiko gehien ateratzea delarik helburu nagusia. 

Lehenik eta behin, garrantzitsua da aipatzea prozesu sozialistaren baitako espresio politiko desberdinek, euren eragite esparruko koiuntura konkretua hartu beharko dutela kontutan antolakuntza forma definitzerako garaian. Hau da, ez da berdina izango territorio bakoitzean dagoen panorama politikoa, eta beraz, panorama bakoitzari zuzenean erantzungo dion antolakuntza bat eraikitzea beharrezkoa izango da. Gainera, kontuan hartu beharko da ere gizarteko zer esparrutan antolatzen ari garen. Izan ere, antolakuntza forma desberdin bat planteatu beharko da hezkuntza esparruan antolatzen bagara edo langile autodefentsa sare baten jarduna martxan jartzen badugu. 

Egoera hauek kontuan izanda ere, beharrezkoa izango zaigu premisa komun batzuen baitako antolakuntza formak eratzea. Premisa komun hauek, prozesu sozialistari ekarpena egiten dioten espresio politiko orok argi izatea oso garrantzitsua izango delarik. Hau izango baita prozesu sozialista homogeneoki gorpuzten joateko eta fase historiko honi zuzenki erantzuteko berme bakarra.

Homogeneoki esatean, klase elkartasunaren printzipioan berresten ari naiz. Azken batean, nahiz eta gizarteko esparru desberdinetan antolatu, guztietan subjektu politiko berbera izango da; langile klasea alegia. Beraz, espresio politiko bakoitzean antolatzen diren langile klaseko subjektu politikoez gain, esparru sozial horretan aurkitzen diren beste langile sektoreekin ere konexio politikoak sortzea oso garrantzitsua izango da. Horrela, klase elkartasuna ardatz izanik, espresio politiko bakoitza bere proiektu politikoa gauzatzeko antolakuntza forma ehuntzen joango da. 

Era berean, kontuan izan beharko dugu momentu honetan langile klasearen eta burgesiaren artean dagoen indar korrelazioa zein egoeratan dagoen. Izan ere, klase burgesaren etengabeko ofentsiba baten aurrean aurkitzen garen heinean, gizarteko esparru desberdinetan langile klasearen defentsa artikulatzea dagokigu. Horregatik, fase historiko honi erantzungo dion antolakuntza eredua izan beharko dugu ipar-orratz gure jarduna antolatzerakoan. Hots, langile klasearen defentsa gauzatu ahal izateko gaitasunak eta baldintzak lortzera begira antolatuz, eta langile klaseko sektore despolitizatuak prozesu sozialistara batu eta ekarpenak egiteko klase kontzientzia bat barneratzea bilatuz.

Aipatu berri dugun antolakuntza eredua gauzatu ahal izateko, beharrezkoa izango da ere organizatiboki ongi antolatuak egotea. Horretarako, lan-banaketa egoki baten baitan antolatzea funtsezkoa izango da. Azken batean, eragile edota kolektibo bakoitzak eraikitzen duen proiektu politikoa gauzatu ahal izateko, jardun politikoa martxan jartzean bete beharreko funtzio desberdinen zehaztapen bat egitea beharrezkoa izango du. Honekin batera, funtzio hauei erantzungo dien organismo desberdinen eraketa ere premiazkoa izango da, hauek modu (optimoenean) hoberenean betetzen ari direla bermatzeko. Horrenbestez, eragile bakoitzean dauden militanteak organismo hauetan kokatu beharko dira, bakoitzaren gaitasun eta baldintzen arabera beti ere. Horrela, organismo bakoitzari ezarritako funtzioak hoberen beteko dituzten militanteak aukeratuko dira bertan jarduteko.

Horretaz gain, kontuan hartu beharko da ere lan-banaketa hau zer dimentsiotan antolatzen den, ez baita berbera eskala nazionalean edo lokalean antolatzea. Izan ere, geroz eta eskala handiagoan antolatu, geroz eta funtzio eta organismo gehiago izango ditu eragile horrek. Horrek era berean, erabakigune desberdinak egotea eskatzen du, eragile horren jarduna koordinatuki eta modu kontzientean aurrera eramateko. Hala ez bada, eragilearen organismo desberdinak euren artean solapatuko lirateke eta jarduna ez litzateke modu koherentean aurrera eramango. Bakoitzak, modu autonomoan eta beste organismoek antolaturikoa kontuan hartu gabe egingo baitzuen aurrera. 

Aurrez aipaturikoa kontuan izanik, argi geratzen da prozesu sozialistaren baitan antolatzen diren eragile edota kolektiboek lan-banaketa planifikatua izan beharko dutela oinarritzat euren jarduna martxan jartzean. Kontuan izanda ere, lan-banaketa desberdin bat planteatu beharko dela erantzun nahi den gizarteko sektore eta dimentsio-mailaren arabera.

Ondorioz, ezin gara antolakuntza eredu horizontalaren printzipioan berretsi, ezinezkoa baita guztiok guztia egin ahal izatea. Batetik, proiektu politikoaren baitan finkatu diren funtzioak espezifikoki bete beharrean, orokortasun baten baitan erantzungo zitzaielako. Bestetik berriz, organizatiboki izango genituzkeen baldintzak nabarmen mugatuko zirelako.

Azken baieztapen hauekin, ez dut esan nahi eragile bakoitzeko militanteek dagozkien organismoetan soilik jardun behar direla, hauetan ardura konkretuak eta konpromiso-maila zorrotzagoa izan beharko dutela baizik. Era berean, parte ez diren organismoen berri izateko eta euren eragileak orokorki antolatzen duena presente izateko, behar-beharrezkoa izango da informazio trasbase egoki bat bermatzea. Horretarako, organismo bakoitzaren ordezkariaren bidez edota militante guztientzako asanblada orokorrak gauzatu ahal direlarik esate baterako.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da ere prozesu sozialistaren baitako eragile zein kolektibo desberdinak elkar-harremanean jartzeko koordinazio lan horiek burutzen dituzten kolektiboen garrantzia. Adibide praktikoetara joz gero, ikus ditzazkegu Euskal Herrian sortu berri diren GKS eta ERRAKI bezalako kolektiboak, zeinak gizarteko esparru bakoitzean ( batak gazte mugimendua eta besteak gune autogestionatuak) antolatzen diren eragile desberdinak koordinatu eta harremanetan jartzen dituzten. Hauen bidez, ikusi besterik ez dago prozesu sozialistak eman duen salto kualitatiboa esparru hauetan.

Azkenik, Euskal Herriko prozesu sozialistaren baitan gorpuzten doan antolakuntza ereduaren inguruan egin diren akusazioen inguruan ere zenbait kontu esan nahiko nituzke. Akusazio hauek, antolakuntza eredu hau burokrata moduan kalifikatzean datza hain zuzen ere. Honi dagokionez, esan beharra dago burokratizazioa dela hain zuzen antolakuntza eredu honen bidez saihestu nahi dena. Izan ere, kontziente gara eskala handiagoan antolatzeak, burokratizazio-prozesu bat izateko arriskua areagotzen duela. Horregatik, ahalegin handia egiten da erabakitzen diren hautu politikoak eragile guztietara helarazteko ordezkari edota beste zenbait mekanismoen bidez. Bestalde, erabaki hauek ez dira behin-betikoak inondik inora ere, eta eragileetako militante orok du eskumena hauek ezbaian jarri edo eztabaidagai bihurtzeko. Erabakia ezbaian jartzeko arrazoia pisuzkoa baldin bada, ez litzateke inongo arazorik egongo aurrez hartutako erabakia atzera bota eta hau birformulatzeko. 

Azken hau kontuan harturik, kritikak egiterakoan benetazko argumentazio objektibo batean oinarritzea, eta ez faltsukeria oinarri izatea eskatuko nuke. Hauek baitira proiektu politiko bat errealki elikatzen duten kritikak, eta beraz, beharrezkoak prozesu sozialista bere eraginkortasun maximora iritsi ahal izateko. Hots, burgesiaren eta proletargoaren arteko indar korrelazioan aldaketak emateko baldintzak izateko, eta alderdiaren zein instituzio proletarioen eraikuntzarako gaitasunak eskuratzeko.    

1 thought on “Prozesu sozialistaren baitako antolakuntza ereduaren inguruko hausnarketa.

  1. Beti eskertzen dira honelako ekarpenak iraultza prozesuaren bidezidor malkartsuetan. Artikuluak sakonketa eta eztabaidarako ate asko irekitzen baditu ere, bi apunte besterik ez.
    1-Hausnarketa modura: Ondo aipatu duzun modura langilegoaren sektore antolatuaren betebeharra da antolatuta ez dauden sektore sozial azpiratuekin harremanak eraiki eta binkulazio politikoak artikulatzea. Afirmazio hau ebidentzia bat besterik ez da, langilegoaren antolaketa politiko unibertsalak masa izaera izan behar duela argi badugu. Masa eta banguardien arteko distintzio klasikoa eta bien arteko kanpokotasuna gainditzeko exigentzia plazaratzen du ekopizpen ereduaren modernizazioak eta gizarte burgesaren garapen historiko aktualak. Langilegoaren partez iraultza egin nahi badugu,jai daukagu. Zuk, beste adieraren bat eman badiozu ere, sektore despolitizatuak antolatzeko bitarteko modura kokatu duzu klase elkartasuna, gaizki ulertu ez badut behintzat. Honen inguruan txaskarrillo bat bota ta banoa:
    Klase elkartasuna langile antolakuntzaren printzipio organizatiboetako bat dela esan genezake, edo nahi bada, politika sozialistaren printzio etikoetako bat. Printzipoen gainean ordea antolakuntza mekanismoak sortu behar ditugu, teknika zehatzen bitartez antolakuntzaren teknologia deitu dena egituratzea hain zuzen. Gure kasuan, langilegoaren sektore ez antolatuekin harremantzeko klase elkartasuna ardatz badaukagu ere harreman-forma zehatz berriak probatzen hasi behar garelakoan nago. Harreman hauek bi modutara artikulatu daitezke: batetik, eskubide eta bete-beharrekin, hau da, antolakuntzaren partetik zerbait jaso nahi bada zerbait eman behar da. Harreman eredu honek izaera kontraktuala duela esan genezake, behar partikularren arteko adostasun interesatua; Bestetik, soilik formetan bada ere izaera asistentziala duen harreman-forma dugu, antolakuntzatik jaso egiten da baina ezdago zertan ezer eman. Eskubideak bai baina betebeharrik ez, beraz. Hirugarren bat ere badagoela pentsatuko du batenbatek, antolakuntzarekiko konpromezuak adierazi eta ezer trukean jaso nahi ez duenarena. Hau ordea militantearen ezaugarriei erreferentzia egiten diona litzake, eta ez da antolakuntza politikoaren eta sektore sozial ez antolatuen arteko harremanaren auzian kokatzen.
    Nire ustez, modu zehatz oso ezberdinetan gauzatu badaiteke ere, aipatutako lehengoari jarri beharko genioke atentzioa. Masa-banguardiaren distintzio klasikoa gainditzeko bitarteko izan daiteke, eta beraz, langilegoa politizatu eta antolatzekoa honako aukera: langilegoari, bizi baldintza hobeagoak eskeintzen dizkion espazio organizatiboetatik jaso nahi bada, ematea. Antolakuntza proletarioaren partetik eskubideak eduki nahi badira, konpromezuak ere hartzea. Krisi kapitalistarekin batera langilegoaren antolakuntza indartzen joaten bada, sektore proletarizatuenentzat lan-asalariatua baino errentagarriagoa bihurtuko da langile antolakuntzaz sortzen diren herramientak baliatzea: arropa kolektibizazioa bershkan lau trapu erostea baino hobe, alokairua ordaindu ordez etxebizitza sindikatuarengana jo desalojoa ekiditeko, jefearen abusoak tragatu ordez autodefentsa laboralekoengana jotzea babes bila… Ordea, antolakuntza forma hauen eskaintza zerbitzu gisara ulertu eta berekoikeriz ahal bezain beste kontsumitzen duten subjetibitate proletarizatuarekin topatzen bagara, zaila izango zaigu gaitasunak biderkatzea; eta esango nuke, egoera haukin topatzen garela.
    2-Argipen modura:
    GKS eta Errakik ez dituzte maila lokalean dauden espazio politikoak koordinatzen ezta modu zuzen eta formal batean harremanetan jartzen ere. Esparru ezberdinetatik antolakunde hauek espazio politiko lokalen erabaki gaitasun eta autonomía urratu izan dutela salatu izan dute batzuek. Egiari zor, azpimarratu behar da antolakunde hauek kontzeptu politiko berri bat mahaigaineratzera etorri zirela euskal herriko kontextu politikora, eta ez agenda lokal ezberdinak bateratu eta harremanetan jartzera. Ildo sozialistaren garapen efektiboak, lanerako espazio ezberdinak ireki dituen heinean (topagunea, lan egunak, mintegiak…), gazte mugimendu eta gune autogestionatuetan lanean diharduten sektore asko harremantzera bultzatu eta komunitate politiko bat indartzera eraman duela esan genezake, bai, baina eragileen kordinazio eta harremanak beste gauza bat lirateke.

    Erregerik gabeko eguna iritsiko delakoan. Gabon.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*