Itzalpe 2020-06-26
Featured Video Play Icon

Tolosaldeko Gazte Fronteak (TGF) Zizurkilgo Kaxilda gaztetxearen eta Tolosako Ezpala gaztetxearen inguruko bideo erreportai bat argitaratu du. Urtebete baino gehiago igaro da bi espazioak birjabetu zituztenetik. Langile klaseak bere bizitzaren gaineko kontrola berreskuratu, antolatu eta haien proiektuak aurrera eraman ahal izateko espazio gisa ulertzen dituzte gaztetxeak TGFko kideek. Hori horrela, langilegoaren interesak defendatuko dituen espazioak edukitzearen beharretik, Ezpala eta Kaxilda gaztetxeak okupatu zituzten.

Pasa den otsailean egin zuen publiko Tolosaldeko Gazte Fronteak Ezpala eta Kaxilda defendatzeko apustua egiten zuela, eta horretarako borroka bat abiatu zuela. Iñauterietako ostegun gizenean burutu zuten lehen ekintza bateratua manifestazio baten bidez. Handik egun gutxitara, ordea, indar polizialek Kaxilda gaztetxea desalojatu zuten. Hala, eskualdean “langilegoa antolatzeko espazio bat ostu zuten”. Horren ondoren, koronabirusarengatik ezarritako konfinamendu eta salbuespen egoerarekin borroka aurrera eramateko zailtasunekin aurkitu ziren. Salbuespen egoeraren ondorioz, Ezpalaren aurka burutzekoa zen epaiketa ere atzeratu egin dute, eta orain epaiketarako data berriaren zain daude.

Nolanahi ere, eskualdeko gazte asanblada eta eragileak berriro ere martxan daude haien jarduna aurrera eramanez, eta beraz, Tolosaldeko Gazte Frontea indartsu dago gaztetxeen aldeko borrokarekin aurrera jarraitzeko. Gogoz ari dira lanean eta eskualdeko kaleetan borrokaren presentzia berriz ere nabarmentzen hasia da. Bi gaztetxeen bilakaerari buruz eta bertan burutu diren jardunen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, argitaratu berri duten bideo erreportaia ikustera gonbidatu du jendea TGFk.

Leave a comment.

Your email address will not be published. Required fields are marked*