Nor Gara?

Komunikabideekin adi ez bazaude, zapaldua gorrotatzera eta zapaltzailea maitatzera heldu zaitezke.”

Malcolm X

Komunikabideek komunikatzeko balio dutela esatea nahiko agerikoa da, baina kontuan hartu behar dugun elementuenetako bat da. Hau da, komunikazioak emailea zein hartzailea barnebiltzen ditu eta zentzu horretan batak besteari komunikatzen dionaren arabera pentsamendu, jakintza, sentimentu zein jokamolde batzuk sortzen dira. Gaur egun, komunikabide (komunikaziorako bitarteko) nagusiak klase menderatzailearen eskuetan daudela kontuan izanik beraien mesedera eta zapalduon (desjabetuon) interesen aurka aurkitzen dira . Dominazio burgesa bermatzen, diskurtso kapitalista gailentzen eta bitartekoen jabetza pribatua betikotzen laguntzen duten tresnak dira, eta ondorioz zapalduon kondena erreproduzitzen laguntzen dutenak.

Lehen esan bezala komunikazioak ezaugarri batzuk barnebiltzen ditu eta horiei jarraituz egun ideologia burgesa zabaltzeko funtzioa hartuko lukete.Ideologia gisa ulerturik, “mundua ulertzeko” modu itxi bat eta horren araberako izateko modu bat. Beraz, gaur egun, komunikabideak burgesiaren eskuetan dauden heinean bere giza eta ekoizpen (esplotazio) harremanen erreprodukzioa ahalbideratuko duen ideologia sozializatzeko funtzioa hartzen dutela deritzogu.

Funtzio honek ezaugarri eta forma asko hartzen ditu eta honen azterketan sakontzen joateko ardura hartu dugu kolektibo gisa. Baina ugariak dira adibideak,besteak beste, dominazio zein zapalkuntza ezberdinak normalizatzea ( eduki matxista zein arrazistak adb), diskurtso kapitalistaren gailentzea (Adb. mugimendu iraultzailea kriminalizatzen) edo bitartekoen jabetza pribatua eta merkatuan oinarrituriko gizarte bat betikotzen lagutzea (Adb. etengabeko merkantzia ezberdinen iragarkiez).Hala ere, moda ezberdinen zabalpena, jokamoldeen sozializazio, rol ezberdinen erreprodukzioa, eztabaida publikoen manipulazioa bezalako mila forma aurkitzen dira.

Ideologia burgesa sozializatzeaz gain ere badakigu egum bizitzako esfera geheienak merkantilizatuta dauden heinean ekoizpen esparru bat ere badela. Hau da, salerosketarako erabiliko diren merkantziak ekoizten diren esfera bat dela, beraz, bertan ere gure klasearen aurkako eraso ugari ematen dira etekin ekonomikoak ateratzeko. Adibide gisa, kazetaritza lanetan dabiltzan “bekarioak” edo sare sozialen bitartez gure informazioaren (sexua, adina, interesak…) kontrola, merkantilizazioa eta salmenta.

Azken finean, botere burgesak forma zein esparru ugari hartzen dituela ulertu behar dugu, komunikabideak horietako bat direlarik. Ondorioz komunikabideek ere botere burgesaren helburu bera dute: Klase zapalkuntza erreproduzitu eta betikotzea.

Etsaiak komunikazioa (baliabide komunikatiboak) bere interesen mesedetara nola erabiltzen duen kontuan hartuta; edo beste modu batean esateko komunikazioak gizarte eta lojika kapitalistari nola erantzuten dion kontuan hartuta, proiektu komunikatibo bat garen heinean, gure posizionamendu edo oinarri batzuk zehaztuak izatea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Hasiera batean gazte desjabetuon bozgorailu gisa identifikatzen ginen, baina azkenean desjabetu (ororen) bozgorailu izatea erabaki dugu. Azken finean, gazte desjabetuoi desjabetu gisa mantenduarazten gaituen sistema eta giza harremanak (esplotazioan oinarrituak) gainontzeko desjabetuak lotzen dituen berdinak baitira.

Desjabetuon interesen alde kokatzen gara beraz eta gure jarduna horretara bideratuko dugu. Helburu nagusi bezala desjabetutako klase kondiziotik askatu eta klaserik gabeko gizarte bat eraikitzea dugu, eta bide horretan zehazki komunikazioaren alorretik gure ekarpena egitea. Aipaturiko bide hori eraikitzen hastea desjabetuon/langile klaseko kideon esku dagoen heinean (zapalduek soilik baidute zapaldu kondiziotik askatzeko interes erreala) sujetu politiko gisa jarduteko klase kontzientzia zabaldu eta garatzea ezinbestekoa da. Azken hau izango da gure jardun komunikatiboak landuko duen elementu nagusia.

Beraz, esan genezake Malcolm X ek zioen esaldiarekin bat egiik pausu bat aurrera ematea erabki dugula. Komunikabideen aurrean adi egoteaz haratago hauen klase izaera salatu eta desjabetuon baliabide komunikatibo propioak eraikitzeko apustua egiten dugu.